Ekonomia -
Lan-gatazka
Hartzekodunen konkurtsoa eskatu du M4F enpresak
Batez ere, eitb.com atarirako eduki digitalak sortzen ditu M4F enpresak. Langileek batzarra deitu dute gaur arratsalderako, egoera berria aztertzeko eta aurrera begira erabakiak hartzeko.
Erredakzioa
M4F S.L. enpresak, eitb.com atarirako eduki digitalak ekoizten dituen enpresak, hartzekodunen konkurtsoa eskatu zuen atzo Bilboko Merkataritza Arloko Epaitegian. Enpresak langileei jakinarazi dienez, konkurtsoa "legezko betebeharra da, eta, izendatzen den Konkurtso Administrazioaren parte-hartzearekin, zuzen administratzen dela, eta deklarazio horren kaltedunen (langile, bezero eta hornitzaileak) eskubideei dagokienez indarrean den legedia zuzen aplikatzen dela bermatzea du helburu".
Iazko ekainean enplegu-erregulazioko espedientea iragarri zuen M4Fk, 31 langileri eragingo ziena. Horren aurrean, Enpresa Batzordeak greba mugagabea deitu zuen, eta 30 eguneko lanuztearen ondoren, bi aldeak akordio batera iritsi ziren, lanaldiak eta soldatak murriztuta.
M4Fko langileek gaur arratsalderako batzarra deitu dute, egoera berria aztertu eta aurrera begira erabakiak hartzeko.
EiTBk (% 16ko partaidetza du M4Fn) agiri baten bidez jakinarazi duenez, "M4F S.L.-k bizi duen egoera zailaz ohartuta, erantzukizunez jokatuko du, beste batzuen erabaki enpresarialak zehatz-mehatz errespetatuz. Interes orokorra zainduko du, eta, indarrean dagoen legediari jarraituz, dituen konpromisoak beteko ditu. EiTBk, langile, akziodun, hornitzaile eta bezeroen interesak babesteko, konponbiderik egokienaren alde egingo du".