Ekonomia -
Lan harremanak
Confebask: 'Adegik ez du negoziazio kolektiboaren kontra egin nahi'
Lopez de Gereñuren arabera, ELArekin akordioa lortzea "ezinezkoa da, argi eta garbi", "zentzurik ez duen bidaia" LABekin batera egitea erabaki duelako.
Erredakzioa
Nuria Lopez de Gereñu Confebaskeko idazkari nagusiak adierazi duenez, Adegik lan harremanetarako oinarri berriak proposatzea "ez da negoziazio kolektiboaren eta sindikatuen kontra egitea", "blokeoari aurre egitea" baizik.
Lopez de Gereñuk ADPak antolatutako foroan egin ditu adierazpenok. Bertan enpresaren eta ekonomiaren munduko ordezkariak bildu dira 2014rako gomendioak emateko.
Euskal patronaleko arduradun nagusia lan harremanen eredu berriaz aritu da eta egungo egoeraren diagnostikoa egin du. Bere iritziz, negoziazio kolektiboaren "blokeoa" eta lan egoera "konplexu eta nahasia" dira ezaugarri nagusiak.
Lopez de Gereñuk esan du egoera "txarra egiten duela, nabarmen" "gehiengo sindikalak", ELAri erreferentzia eginda, "moderatzailearen papera egin beharrean, muturrera joan eta borrokaren alde" egiten duenean.
Confebaskeko idazkari nagusiaren iritziz, egoera hori 2000. urtetik ematen ari da, eta, orduz geroztik, akordioa lortzea "gero eta zailagoa da", "langilearen eta enpresariaren arteko harremanetan tentsioa sartzeko presioa dagoelako"; hori guztia, enpresetan "gatazka eragiteko".