Ekonomia -
''Praxi txarra''
Deutsche Bankek 3 milioi itzuli beharko dizkie 49 bezerori
Bezeroei lehentasunezko inbertsioen "izaera eta arriskuak" ez zizkiela azaldu leporatu dio Madrilgo Probintzia Auzitegiak entitateari.
Erredakzioa
Madrilgo Probintzia Auzitegiak zigorra ezarri dio Deutsche Banki, eta 49 bezerori 2,9 milioi euro itzuli beharko dizkie. Praxi txarra leporatu diote Deutsche Banki, bezeroek diru kopuru hori Estatu Batuetako Lehman Brothers eta Islandiako Landsbanki eta Kaupthing bankuen lehentasunezko inbertsioetan utzi baitzuten bezeroek.
Epaian azaltzen denez, auzitegi madrildarrak lehen instantziako auzitegi baten erabakia bertan behera utzi du. Bertan, epaia bankuaren aldekoa zen, eta bezeroek kontratatutako produktua ongi ezagutzen zutela adierazten zen.
Probintzia Auzitegiaren aburuz, ordea, entitateak ez zien produktuaren "prestasun, leialtasun eta informazio" betebeharrei men egin. Horrela, kalte-ordainak eta interesak ordaintzera zigortu du Deutsche Bank. Kantitate horri bankuak bezeroei emandako hobariak kendu beharko zaizkio.
Bezeroek 22.000 eta 298.000 euro artean inbertitu zituzten lehentasunezkoetan, eta horixe itzuli beharko die entitate alemaniarrak.
Lehen aldia da hainbeste kaltetu eta hainbeste diru tarteko dagoen kasu batean, epaitegiek lehentasunezko inbertsioak egin zituztenen aldeko epaia ematen duena. Izan ere, inbertitzaile txikizkariak eta kontserbadoreak zirela frogatu du epaimahaiak, eta nahi zuten bakarra "produktu errentagarri eta seguruetan inbertitzea" zela.
Epaiaren arabera, Deutsche Bankek ez zien lehentasunezko partizipazioen "izaera eta arriskua" azaldu, ezta hiru entitate haien "arrisku ekonomiko eta finantzario egoera" ere. Gainera, ez zituen kontuan izan bezeroen profilak.
Deutsche Bankek ez zien "informazio nahikoa" eman produktuen kontratazioan "euren adostasun osoa" jaso ahal izateko. Hori dela eta, Auzitegiaren ustez, bezeroek uste zutenaren aldean, "zerbait desberdina edo, zati batean, ezezaguna" adostu zuten.