Ekonomia -
Itun fiskala
Erreforma fiskala, indarrean: Ezagutu behar dituzun aldaketa nagusiak
EAJk, PSEk eta PPk adostutako itun fiskala urtarrilaren 1 honetan sartuko da indarrean.
Erredakzioa
EAJk, PSE-EEk eta PPk udazken honetan hitzartutako erreforma fiskala urtarrilaren 1 honetan sartuko da indarrean, eta hainbat zergatan aldaketak ekarriko ditu. Sistema fiskalean lortutako akordio handiena izan da, Kontzertu Ekonomikotik.
Erreforma dagoeneko onartu dute Bizkaian eta Araban, baina oraindik ez Gipuzkoan. Lurralde horretan EH Bildu dago agintean, baina oposizioak onartuko du, urtarrilean Batzar Nagusietan egitekoa den saio batean.
Erreformak Ogasunek biltzen dituzten zerga nagusietan izango du eragina, hala nola pertsona fisikoen gaineko zergan (PFEZ), elkarteen gaineko zergan eta ondorengotzen eta dohaintzen zergan,
Horrela, diru-bilketa handitu, eta zerga sistema mailakatuagoa ezarri nahi dute EAJk, PSE-EEk eta PPk.
PFEZ
Soldata handienak dituztenek % 1 eta % 4 arteko igoerak izango dituzte.
Hori horrela, hiru tarte sortu dituzte tarifa orokorrean, 92.310, 123.070 eta 179.460 euroko oinarri likidagarria dutenentzat. Hala, % 46ko, % 47ko eta % 49ko kotizazioa izango dute, hurrenez hurren. Orain arte, % 45ekoa zuten.
Kenkariak
Etxebizitza erosi dutenek kenkariak izaten jarraituko dute. Jarritako diruaren % 18 murriztea aurreikusi dute, orain arte bezala, baina kuotari gehienez ere 1.530 euro kendu ahalko zaizkio aurrerantzean. Familia ugarien eta gazteen kasuan, 1.955 eurora igoko da kopuru hori.
Beste zerga batzuk
Elkarteen gaineko zergan tratamendu berezia emango diete "mikroenpresei", hau da, 10 langile baino gutxiago eta bi milioi euroko jarduera ekonomikoa baino txikiagoa dutenei.
Enpresa horien kasuan, zerga % 19-20koa izango da.
Ondorengotzen eta dohaintzen zergari dagokionez, % 1,5eko tasa ezarri dute, eta % 6tik % 7ra igo dute ondasun higiezinen transmisioa.