Ekonomia -

Aerolineas Argentinas auzia

Diaz Ferrani bi urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri diote

CEOE patronalaren presidente ohiak 99,04 milioi euro ordaindu beharko ditu Argentinako hegazkin konpainia erosteko orduan Ogasunari iruzur egiteagatik.

Diaz Ferran, CEOEko presidente ohia. EFE
Diaz Ferran
Diaz Ferran, CEOEko presidente ohia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak bi urte eta bi hilabeteko kartzela zigorra ezarri dio Gerardo Diaz Ferran CEOE patronalaren presidente ohiari, Air Cometek Aerolineas Argentinas konpainia erostean Ogasunari iruzur egin ziola ebatzita.

Zigor arloko Salak emandako ebazpenak Antonio Mata Air Cometeko presidente ohia ere zigortu du, bi urte eta lau hilabetera.

Diaz Ferran duela urtebete sartu zuten kartzelan, behin-behinekoz.

Kartzela zigorraz gain, Ogasunari eman gabeko diru kopuru bera ezarri dio isun gisa. Hau da, 99,04 milioi euro ordaindu beharko ditu Espainiako patronalaren presidenteak. Gainera, lau urtez diru-laguntza publikoak jasotzea eta pizgarri eta etekin fiskalak edukitzea debekatuta izango du Diaz Ferranek. Azkenik, sufragio pasiboaren eskubidea ere ezingo du baliatu zigorra indarrean dagoen denboran.

Aerolineas Argentinas erosteko operazioa hainbat enpresaren bitartez egin zuten Diaz Ferranek, Antonio Matak eta Marsansen Diaz Ferranen bazkidea zen Gonzalo Pascual Diazek: Air Comet, Segetur (Matarenak ziren sozietateak), Transportes de Cercanias (Diaz Ferranen ordezkaritzapean) eta Autobuses Urbanos del Sur (Busursa; azken hau Pascualen esku).

Epaileak frogatutzat eman du Diaz Ferranek eta Matak 99 milioi euroko iruzurra egin ziotela Ogasunari, eta SEPI Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen funts publikoak erabili zituztela "arazo ekonomiko larriak zituen enpresa batez libratzeko". Horretarako, Interinvest sozietate argentinarra pantaila gisa erabili zuten, Espainian zergarik ordaintzen ez zuelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Espainia argazkiak Iruzurrak bideoak Ekonomia albisteak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Enpresen albisteak CEOEri buruzko albisteak