Ekonomia -
Lan gatazka
Iruñerriko autobus gidarien greba mugagabeak atzerapenak eragin ditu
Zuzendaritzak eta enpresa batzordeak ez dute akordiorik lortu, asteburuan. Trafiko gehien dagoen orduetan % 60ko gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte.
Erredakzioa
Atzerapen garrantzitsuak, ilarak eta informazio-piketeak izan dira nagusi Iruñerriko autobus gidarien lehenengo greba egunean.
TCC garraio enpresak azaldu duenez, autobusen geltokietan piketeak egon dira goizetik, eta horrek atzerapenak ekarri ditu.
Enpresa batzordeak eta TCCren zuzendaritzak, Iruñerriko Mankomunitateko ordezkariekin bilera izan zuten atzo, eta akordiorik erdietsi ez zutenez, greba mugagabea hastea erabaki zuten. Alberto Iribarren enpresa batzordeko presidentearen esanetan, TCCk agiri "itxi" bat eman zien sindikatuei. Agiri horrek hiru urteko lan-hitzarmen bat jasotzen zuen, eta soldatak % 5,38 jaistea proposatzen zuen. Langileak jaitsiera hori onartzeko prest azaldu dira, baina horretarako, 2015ean eta 2016ean egon litezken etekinak beharginen artean banatzea eskatu dute.
Akordiorik adostu ez dutenez, greba mugagabea abiatzea erabaki dute langileek.
Gutxieneko zerbitzuak
Greba mugagabearen aurrean, gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte. Modu horretan, 06:30etik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era, % 60ko gutxieneko zerbitzuak izango dira. Gainerako orduetan, garraio zerbitzua % 40koa izango da.
Asteburuetan eta jaiegunetan, berriz, lanegunetako zerbitzuaren % 40 ezarriko dute. Gaueko autobus zerbitzuari dagokionez, linea bakoitzaren (N8 eta N9 salbu) azken zerbitzua mantenduko dute.
Ostiralean, 22:30 eta 04:00ak bitartean, 60 minutuan behin egongo dira autobusak, N8 eta N9 lineetan izan ezik. Bi linea hauetan bi orduan behin egongo da zerbitzua.
Bukatzeko, larunbatetan, 22:30etik 06:00ak arte, orduan behin egongo da autobus zerbitzua. N8 eta N9 lineetan, berriz, bi orduan behin.