Ekonomia -
2014ko Aurrekontuak
Jaurlaritzako Aurrekontuek lehen tramitea gaindituko dute gaur
Eusko Legebiltzarrak EH Bilduk eta UPyDk aurkeztutako osoko zuzenketak atzera botako ditu, jeltzaleek sozialistekin eta popularrekin lorturiko akordioei esker.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako 2014ko aurrekontu proiektuak lehen tramitea gaindituko du gaur Eusko Legebiltzarrean. Jeltzaleek sozialistekin eta popularrekin lorturiko akordioei esker, Eusko Legebiltzarrak atzera botako ditu EH Bilduk eta UPyDk Aurrekontuei aurkeztutako osoko zuzenketak.
EAJk PSE-EErekin batetik eta PPrekin bestetik lorturiko akordioei esker, Legebiltzarrak 2014ko Aurrekontuak onartuko ditu, 2013an aurreko urteko kontuak luzatuta aritu ondoren.
Gaurkoa aurrekontu proiektua onartzeko lehen pausoa izango da, eta, ezustekorik ezean, abenduaren 20an onartuko dituzte Aurrekontuak.
Sozialistek 115 zuzenketa partzial adostu dituzte jeltzaleekin, eta horiek zerga itunean eta EAJk eta PSE-EEk sinatutako akordioan jasota daude.
PPk eta EAJk Aurrekontuen egonkortasunerako akordioa lortu zuten. Halaber, gastu arrunta murriztea eta zorpetzea pixkanaka-pixkanaka gutxitzea adostu zuten.
EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu die Aurrekontuei, proiektuak krisiari konponbiderik ematen ez diola argudiatuta.
UPyDren iritziz, aurrekontu proiektua "kontserbadorea eta kontinuista" da, eta jeltzaleek erreformak egin beharrean murrizketak egitearen aldeko hautua egin duela salatu du.