Ekonomia -
Zergak
Bizkaiak 153 milioi euro gehiago jasoko ditu zerga-erreformarekin
Aldundiaren esanetan, EAEk kontzertu ekonomikoa berreskuratu zuenetik egingo duten erreforma "sakon eta garrantzitsuena" da EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutakoa.
Erredakzioa
Bizkaiko Ogasunak EAEk kontzertu ekonomikoa berreskuratu zuenetik egingo duen zerga-erreforma "sakon eta garrantzitsuena" (EAJk, PSE-EEk eta PPk adostua) ezartzeko bidea abiatu du gaur, eta helburua 153 milioi euro gehiagoko diru-sarrerak lortzea izango da.
Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak Bilbon emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, onartu dituzte 2014ko urtarrilaren 1ean ezarri asmo dituzten zerga berrien aurreproiektuak.
PFEZaren eta Elkarteen gaineko zergaren inguruko aurreproiektuak, eta Oinordekotzen eta Dohaintzen zergaren eta Ondare Eskualdatzeen eta Dokumentatutako Ekintza Juridikoen zergaren inguruko testu berriak, onartu dituzte.
Proiektuak datozen egunotan eramango dituzte Bizkaiko Batzar Nagusietara, eztabaidatu ondoren onartzeko asmoz. Prozesua abendua amaitu baino lehen amaitzea espero dute, 2014ko urtarrilaren 1erako indarrean egon dadin.
Iruarrizagak azpimarratu duenez, zerga-erreforma horren helburua zerga-sistema "justuagoa, aurrerakoiagoa, eraginkorragoa eta egungo egoera ekonomikora egokituagoa" ezartzea izango da, ekoizpen sarea berrabiarazteko, enplegua sortzeko eta inbertsio eta gastu publikoei eusteko.