Ekonomia -
Lan-hitzarmena
Sindikatuek lanuzte berriak deitu dituzte Kristau eskoletan
Astearte eta ostegunerako ordubeteko lanuzteak deitu dituzte murrizketarik gabeko lan-hitzarmen propioa negoziatzea eskatzeko.
ELA, CCOO, STEE-EILAS, LAB eta UGT sindikatuek ordubeteko lanuzteak deitu dituzte astearte eta ostegunerako Kristau eskoletan. Murrizketarik gabeko lan-hitzarmen propioa negoziatzea eskatzen dute sindikatuak eta horiek "eskola bakoitzean ezartzea". Urriaren 29an, gainera, kontzentrazioak egingo dituzte.
Irailaren 26an egindako grebaren ondotik, patronalaren "jarrera ez dela aldatu" salatu dute sindikatuek. "Patronala 2013an metatutako zorraren zati bat ordaintzearen alde agertu den arren, hitzarmen berri bat negoziatzeko asmorik ez du agertu", gaineratu dute.
"Patronalak bete ez duen hitzarmena betetzea eta kendutako soldata itzultzea" eskatzen dute sindikatuek, baita murrizketarik gabeko lan-hitzarmen propioa negoziatzea ere. Lan erreformaren aurrean, "hurrengo hitzarmena sinatu bitartean eskola guztietan autonomia erkidegoko hitzarmenaren edukia betetzea" ere eskatu dute.
"Gatazkari irtenbidea bilatzen laguntzeko" ere eskatu diote sindikatuek Jaurlaritzari, "hezkuntza sistemari eta langileei egonkortasuna emateko".
Kristau Eskola
Kritau eskolak adierazi duenez, egoerari erantzuna emateko bi bide daude: Jaurlaritzak eskola kontzertatuen sareari urtero ematen dion diru kopurua 12 milioitan handitzea edo sindikatuek murrizketak onartzea. "2010etik metatutako zorra 18 milioiko da eta eskolek ez dute dirurik horri aurre egiteko", gaineratu dute.