Ekonomia -
Erreakzioak
EAEko ogasunek zuhurtzia eta baikortasuna agertu dute
Jaurlaritzari dagokionez, Josu Erkorekak ere zuhurtziaren alde egin du eta EBko Justizia Epaitegiaren behin betiko erabakia Euskadiren "aldekoa" izango delako itxaropena adierazi du.
Erredakzioa
'Opor fiskalen' auzian laguntzen zenbateko osoa ez berreskuratzeagatik Europako Batzordeak Espainiarentzat Justizia Auzitegian eskatu duen isuna ez da bidezkoa, Arabako Foru Aldundiaren hitzetan.
"Zenbateko horrek ez du bat egiten gertatu denarekin'', esan du Javier de Andres (PP) ahaldun nagusiak. De Andresen ustez, EAEko enpresek Espainian egon zeuden onura fiskalak jasotzeko eskubidea zuten, legez kanpokoak jo ziren laguntzak behin desagertuta.
"Epaiaren arabera legez kanpokoak direla onartzen dugu; baina ohiko araudiak jasotzen dituen irizpide eta deskontuak ezarri ahal dizkiogu, eta hori da Europako Batzordearen eta gaur egin dugun defentsaren arteko desadostasuna'', azaldu du Arabako ahaldun nagusiak.
Europako Batzordeak aitortu egin du diru-laguntza gehienak (509 milioi euro) berreskuratu dituela, eta azken ordainketa uztailaren 19an egin zutela zehaztu du, gainera. Baina Arabako zortzi enpresak jasotako 278.000 euroko laguntzak falta direla gaineratu du.
''Nagusiena jaso dugu, eta kontu bakarra dago zintzilik. Harritu egin gaitu, Batzordeak ez digulako hori jakinarazi'', esan du.
Bizkaiak eta Gipuzkoak ''erabaki indibidualen'' alde egin dute
Europako Auzitegiak irekitako sei txostenen (bi lurraldeko) inguruko erabakia ''indibiduala'' izatea eskatu du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Gipuzkoak ere proposamen horrekin egin du bat, eta isuna egotekotan, isun hori nork ordaindu behar duen argi geratzea eskatu du.
Xabier Olano Gipuzkoako Ogasun diputatuaren hitzetan ''zigorra positiboa da isunari dagokionez, zigor hertsatzailea baztertu egiten dutelako. Hori datu garrantzitsua da'', esan du.
Jaurlaritzak ''zuhurtziaz'' hartu du erabakia
Luxemburgoko epaitegian ''Euskadiren aldeko'' erabakia hartzea espero duela esan du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.
Gobernu bileraren ondoren eskaini duen prentsaurrekoan, gaiaren inguruan ''zuhurtziaz'' hitz egin du, oraindik auzitegiak ez duelako behin betiko erabakirik hartu eta erabaki hori hainbat hilabetez luza daitekeelako.
Edonola ere, aldundiek Europako erakundeek agindutakoa bete dutela azpimarratu du Erkorekak.