Ekonomia -
Lan-gatazka
Hitzarmenak defendatzeko 'udazken beroa' datorrela iragarri du CCOOk
Uztailaren 7tik euskal lan-hitzarmen gehienak bertan behera geratu ostean, Confesbaskeko irizpideak jarraitu dituzten enpresek "arazo judizial eta sindikal anitz izango dituzte", Unai Sordoren aburuz.
Erredakzioa
Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusiaren ustez, "udazken beroa eta konplikatua dator, lan-hitzarmen kolektiboak defendatzeko enpresetan isilpeko gatazka dagoelako".
Rajoyren lan-erreformaren ondorioz, uztailaren 7tik aurrera euskal lan-hitzarmen gehienak bertan behera geratu ostean, "alorreko hitzarmenak defendatzeko gatazka handiak empresaren esparruarekin lotutako gatazka txikiarekin bat egingo du".
Sordoren hitzetan, negoziazio kolektiboaren alorrean Confebaskek egindako irizpideak jarraitu dituzten enpresek "arazo judizial eta sindikal anitz izango dituzte".
Gatazka kopurua, gora
Sordoren iritzian, hainbat enpresak "urrats oker ari dira ematen, lan-hitzarmenak baliogabe geratu direla jakinarazten ari diete langileei". Horrek Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean aurkeztutako gatazka kopuruak nabarmen handitu du.
Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak dioenez, uztailaren 24tik abuztuaren 6ra bitartean Lan Harremanen Kontseiluak 250 salaketa jaso ditu, horietatik % 90 hitzarmenak baliogabe geratu direla abisatzeko jakinarazpenak izanda. Sordok iragarri duenez, enpresek "helegite anitz galduko dituzte, eta salaketa horiek guztiek epaitegiak geldituko dituzte".
Negoziazioak
"Euskadiko enpresariek jarrera erabat itxita azaldu zuten negoziazioaren azken hilabetean", salatu du Sordok. Hala ere, CCOO negoziazioari berriro eusteko prest dagoela esan du Sordok, "baldin eta patronalak bere jarrera aldatzen badu, baina ez dut uste aukera hori emango denik".