Ekonomia -
Lan hitzarmenak
ELAk astebeteko greba deitu du Euskadiko metalgintzan
Metalgintzan mobilizazio bateratuak egiteko oztopoa izatea leporatu diote CCOOk eta LABek ELAri. Bestalde, UGTk bi greba egun planteatuko ditu.
Erredakzioa
ELAk astebeteko greba deitu du Euskadiko metalgintzan, "nahitaez bete beharreko hitzarmenak" lortzeko. Protestaldia ekainaren 17tik 21era arte izango da, eta beste sindikatuekin bilduko dira mobilizazioen inguruan akordio bat lortzeko.
ELAk Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako metalgintzan astebeteko greba egiteko gonbita egin die beste sindikatuei. Hala ere, horietako batek ere ez du bat egin proposamenarekin.
Unai Martinez ELAko metalgintzako idazkari nagusiak ez du ulertzen zergatik beste sindikatuek uko egiten dioten, erreformaren nondik norakoak ezagututa, "enpresa-negoziazioa borroka tresna gisa" erabiltzeari.
Metalgintzan mobilizazio bateratuak egiteko oztopoa izatea leporatu diote CCOOk eta LABek ELAri.
ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek bilera egin dute Bilbon, greba deialdi bateratu bat adostu nahian, baina ez dute akordiorik lortu.
UGTk bi greba egun planteatuko ditu
UGTko metalgintza federakundeak, MCAk, sektorean greba egiteko data batzuk planteatuko dizkie bere afiliatuei. Printzipioz ekainaren 19 eta 21 Gipuzkoan, eta 21 Araban eta Bizkaian.
Metalgintzan greba bateratu bat egiteko akordio batera heldu ez izana deitoratu du sindikatuak agiri batean.
Greba, metalgintzan
Deialdi horren bidez, ELAkoek egungo lan merkatu berriaren nondik norakoak ezagutarazi nahi dizkiete metalgintzan lan egiten dutenei. Gainera, Rajoyren "astakeria laborala guztiz deuseztatu" nahi dute, enpresa-hitzarmenetan erreformaren kontrako klausulak jarrita. Horrez gain, sektoreen hitzarmen probintzialetako negoziazioetan "itxikeria" alde batera uztea eskatu diote patronalari.
Metalgintzako idazkari nagusiak jakinarazi du deialdia negoziazio prozesuan dauden enpresetara bideratuta dagoela.
Bestalde, enpresa txiki eta ertainetan negoziazio kolektiboak berpizteko lan "berezia" egingo dutela iragarri dute. Izan ere, azken asteotan "dozenaka" enpresa txikik lan baldintzak sendotu dituzte, eta "bide horri jarraitu behar zaio".