Ekonomia -

Hiru hiriburutan

Maiatzaren 11n protesta egitera deitu dituzte euskal funtzionarioak

Martxak deitu dituzte ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Jaurlaritzaren ustez, bestalde, sindikatuen ''egoskorkeria'' oztopoa da funtzionarioek hobekuntzak izateko.

Euskal funtzionarioak murrizketengatik protesta egiten. Argazkia: EiTB
Euskal funtzionarioak murrizketengatik protesta egiten. Argazkia: EiTB
Euskal funtzionarioak murrizketengatik protesta egiten. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mahai orokorrean ordezkapena duten sindikatuek (ELA, LAB, CCOO eta UGT) Funtzio Publikoaren Mahaian "inposatutako" murrizketek kaltetutako funtzionarioak protesta egitera deitu dituzte, maiatzaren 11n, Donostian, Bilbon eta Gasteizen.

"Dekreturik ez! Enplegu Suntsiketarik ez! Zerbitu publikoen defentsan, hemen erabaki!" lelopean, martxak 17:30ean aterako dira, Bilboko Jesusen Bihotzetik eta Donostiako Boulevardetik eta, 19:30ean, Gasteizko Bilbo kaletik.

UGTk komunikatu batean adierazi duenez, funtzio publikoaren mahai desberdinetan ordezkaritza duten elkarteak manifestazio horietan parte hartzera animatzen dituzte.

Sindikatuek bertan behera utzi dute Funtzio Publikoaren Mahaia

Protestarako deialdia egin aurretik, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bertan behera utzi dute ostegun honetan Funtzio Publikoaren Mahaia, EAEko funtzionarioen lanaldia luzatzen duen dekretuaren inguruan Jaurlaritzak bere jarrera argitu arte.

ELAko ordezkariak gogora ekarri duenez, Jaurlaritzari dekretua bertan behera uzteko eskaria egitea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak, gehiengoaren babesaz. Sindikatuek salatu dutenez, Jaurlaritzak ez du oraingoz eskaera horren inguruko erabakirik hartu, eta, hala, erabakia hartu arte Funtzio Publikoaren Mahaia bertan behera uztea erabaki dute.

''Sindikatuen egoskorkeriak hobekuntzak oztopatzen dizkie funtzionarioei''

Jaurlaritzak, bestalde, atsekabea agertu du, sindikatuek ''hitz egin nahi izan gabe'' utzi baitute bertan behera Funtzio Publikoaren Mahaia. Jaurlaritzaren ustez, sindikatuen egoskorkeriak funtzionarioen egoera hobetzea oztopatu du.

Halaber, Jaurlaritzak elkarrizketarako saiakerei eutsiko diela esan du ohar baten bidez Andres Zearreta Funtzio Publikoko sailburuordeak. Haren hitzetan, ''funtzionarioek ez dute zertan sindikatuen jarreren ondoriok ordaindu''.

Lan hitzarmena

Bestalde, lan hitzarmena desblokeatzeko asmoz Jaurlaritzaren, patronalaren eta sindikatuen arteko bilerarik ''oraingoz'' aurreikusi ez dutela argitu du Eusko Jaurlaritzako Enplegu Sailak.

Ildo horretan, eta azken egunotan piztu den nahasmenaren aurrean, CC.OO. Euskadik ere ukatu egin du Enplegu Sailarekin gai horren inguruan inolako akordiorik egin izana.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea