Ekonomia -
Hitzarmenak
Confebasken erruz suntsitzen ari da enplegua arinago, LABen ustez
Sindikatuaren arabera, azken hilabeteotan, enplegu "asko eta oso arin" suntsitu da patronalak lan-erreforma inposatzeko duen obsesioagatik.
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LAB sindikatuko idazkari nagusiaren esanetan, Confebask euskal enpresarien elkartea da enpleguaren suntsiketak azken hilabeteotan hartu duen “tamaina eta abiaduraren” erantzulea. LABen ustez, patronalak lan-erreforma inposatzeko, alegia, langileek euren interesak defendatzeko “aukera ez gaitasunik” izan ez dezaten duen obsesioagatik areagotu da enpleguaren suntsiketa.
Bilbon negoziazio kolektiboaren aldeko manifestazioa bukatzean esan ditu hitzok Etxaidek. Aldarrikapenean ehunka lagun bildu dira "Negoziazio kolektiborako euskal markoa orain" lelopean eta Confebasken egoitzaren aurrean, kale nagusian, bukatu dute martxa.
LABen buruak “enplegua suntsitzen ari diren neurri horien kontra” dagoela esan die hedabideei, eta, bere ustez, “inoiz ezagutu ez diren” langabezia tasetara heltzen ari dira, “areagotzen” ari den prozesu batean.
"Suizidioa Euskal Herriarentzat"
"Negoziazio hau denon artean eraikitzen ez badugu benetako suizidio bat izango da Euskal Herriarentzat", baieztatu duenez. Halaber, Etxaideren esanetan, Confebasken "helburu bakarra lan-erreforma inposatzea da", eta hori da "enplegua suntsitzearen arrazoi nagusia". "Bera da enpleguaren suntsiketaren erantzule nagusia, baita azken hilabeteotan hartu duen tamaina eta abiaduraren erantzule ere".
Etxaidek gogoratu duenez, negoziazio kolektiboaren "iraungitze data" uztailaren 7an bukatuko da; egun horretan lan-esparru berria adosteko epea bukatzen baita.