Ekonomia -
Murrizketa
50 tren gutxiago ibiliko dira Bilboko metroan, sindikatuen arabera
Orduko bi metro gutxiagoa izango dira noranzko bakoitzean (10:30tatik 23:00etara), ostegun honetatik aurrera, sindikatuek jakinarazi dutenez.
Erredakzioa
Metro Bilbaok lanegunetako ordutegia aldatuko du ostegun honetan, eta, hala, 50 metro gutxiago izango dira aurrerantzean, sindikatuek jakinarazi dutenez. Zehazki, 10:30tatik 23:00etara, orduko bi metro gutxiagoa izango dira noranzko bakoitzean (orduan 20 trenetik 18ra jaitsiko dute zenbatekoa noranzko bakoitzean).
Bihar ''maiztasun aldaketa'' indarrean sartuko dela baieztatu du Metro Bilbaoko zuzendaritzak, ''zerbitzuaren beharrei eta bidaiari kopuruari egokitzeko''; eta ''puntako orduetan'' (06:00etatik 09:30tara) zerbitzu bera mantenduko dutela azpimarratu dute.
Tren kopuruari eta maiztasunei dagokienez, Bilboko metroak bere webgunearen bitartez eta geltokietan eskuragarri dauden liburuxken bitartez informazioa lortzera igorri ditu erabiltzaileak.
''Langile kopurua murriztu nahi dute''
LAB sindikatuak ohar batean ohartarazi duenez, neurri berriekin jende pilaketak ''ohikoak'' izango dira bidaiari kopuru gehiena biltzen dituzten orduetan.
Sindikatuaren ustez, murrizketa ''neurriz kanpokoa'' da, eta ''ez du logikarik'', bidaiarien kopuruak % 2 egin duen arren tren kopurua % 10 jaitsiko duelako enpresak. Halaber, aurten Kabiezes geltoki berrian martxan jarriko dutela gogoratu dute,
LABen hitzetan, neurriak gidarien kopurua murriztea du helburu.