Krisi Ekonomikoa -
Burtsa
Ibex 35ak % 3,59 egin du behera, urtarriletik izan den saio okerrenean
Atenaseko burtsaren beherakadak izua zabaldu du inbertitzaileen artean, eta salmenta oldea izan da Europa osoan.
Erredakzioa
Atenaseko burtsaren beherakadak izua zabaldu du inbertitzaileen artean, eta salmenta oldea izan da Europa osoan. Ondorioz, Espainiako burtsak % 3,59 egin du atzera, urtarriletik izan den saio okerrenean; eta 10.000 puntutik behera geratu da.
Gainera, balio guztiak gorrian geratu dira, eta Ibex 35ak hondoa jo du, Atenaseko burtsaren % 6,25eko beherakada izan delako.
Izan ere, Eurotaldeak gogo txarrez hartu zuen Greziak datorren urtetik aurrera erreskateari uko egin izana, eta horrek inbertitzaileen ihesa eragin du.
Espainiako arrisku saria 134 puntutan, Ibex 35ak 366,4 puntu egin du behera gaur, % 3,59, 2014ko urtarrilaren 24tik izan den saio okerrenean, eta 9.838,5 puntutan geratu da, martxoaren 24tik izan duen maila baxuenean.
Europako beste herrialde batzuetan, ordea, are okerragoa izan da saioa, Milango burtsak % 4,44 egin baitu behera, eta Parisekoak, % 3,63. Frankfurten kasuan, beherakada % 2,87koa izan da, eta Londresen, % 2,83koa.