Krisi Ekonomikoa -
Fagor Confort
Jaurlaritza, Edesaren bideragarritasun plana babesteko prest
Urkullu buru duen Gobernuak azpimarratu duenez, proiektua babesteko ezinbesteko baldintza izango litzateke Mondragon Taldearen inplikazio "argia".
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak Edesako bazkideek sustatu duten bideragarritasun planean sakontzeko prest dagoela adierazi die Basauriko (Bizkaia) eta Bergarako (Gipuzkoa) langileei. Hori horrela, legeak uzten duen finantza baliabideak erabiltzeko aukera duela adierazi die, "arlo publikoak krisian dauden enpresa pribatuei laguntzak emateko dauden baldintzak aintzat hartuta".
Europa Press albiste-agentziak Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Saileko iturriak aipatuta azaldu duenez, Jaurlaritzak planarekin bat egiteko konpromisoa agertu die beharginei. Hala ere, eta Jaurlaritza Fagor Etxetresnaken hartzekodun den heinean, ezinbesteko baldintza izango omen da Mondragon Taldearen inplikazio "argia".
Fagor Conforten bideragarritasun plana sustatu duen bazkide taldeak otsailaren 10a jarri zuen proposamena onartzeko epemuga gisa, "langileen, hornitzaileen eta bezeroen artean" itxaropen faltsurik ez sortzeko.