Krisi Ekonomikoa -
Lan-gatazka
Bigarren greba eguna dute eskola garraioko monitoreek
ELAren arabera, % 70ekoa izaten ari da protestaren jarraipena. Eskola garraioko eta jolastokietako begiraleek erreformaren aurrean lan-hitzarmena "blindatzea" eskatzen dute.
Erredakzioa
EAEko eskola garraioko eta jolastokietako monitoreek bigarren greba eguna dute gaur jarraian, atzo ere egun osoko lanuztea egin baitzuten, lan erreformaren aurrean lan-hitzarmena "blindatzea" eskatzeko. ELA sindikatuaren arabera, % 70 ingurukoa izaten ari da gaurko jarraipena: % 90ekoa Bizkaian, % 50ekoa Araban eta % 60koa Gipuzkoan.
Gainera, 50 lagunetik gora bildu dira gaur 09:30 aldera Zorrotzan, Eulen enpresaren egoitzaren parean, horrek kontratatzen baititu. "Langileen erantzuna oso ona izan da eguraldi txarra dagoen arren, eta oso pozik gaude lehenengo bi greba egun hauen jarraipenarekin", adierazi du sindikatuak.
500 bat langile zeuden deituta urtarrilaren 13an, 14an, 20an, 21ean eta 22an protesta egitera, eta, akordiorik lortzen ez badute, 27tik aurrera greba mugagabea egingo dutela iragarri dute sindikatuek.
ELAk gogorarazi du EAEko eskola garraioko langileen soldatak izoztuta daudela 2009-10 ikasturtetik, eta horien aldarrikapenak jangeletakoen "berberak" direla. "Baldintza berdinetan egon nahi dugu", azpimarratu du sindikatuak.
Familiengan duen eraginaren harira, sindikatuak "barkamena" eskatu die gurasoei, baina aldarrikapenak "ez dira aparteko ezer" eta "ardura" enpresena eta Jaurlaritzarena dela nabarmendu dute.
25.000 haur joaten dira eskolara autobusez EAEn, eta 12 urte baino gutxiagoko haurrek ezin dute zaintzailerik gabe bidaiatu. Jaurlaritzak ez du zerbitzu minimorik ezarri.