Krisi Ekonomikoa -
12 eguneko grebaren ostean
Madrilgo garbiketa enpresek eta sindikatuek akordioa lotu dute
15 orduko negoziazioaren ostean, enpleguari eustea lortu dute, langile bakoitza urtero, 2017 arte, 45 egunez soldatarik gabe izatearen truke.
Erredakzioa
Madrilgo kaleetako garbiketaz arduratzen diren hiru enpresek eta sindikatuek akordioa lotu dute gaur goizaldean, eta asanbleak oniritzia ematen dionean, 12 eguneko greba orokorra amaituko da.
Hamabost orduko bileraren ostean iragarri dute langileen ordezkariek akordioa, eta horrekin Espainiako hiriburuko kaleak zaborraz gainezka utzi dituen greba mugagabeari amaiera emango diote.
Lotutako akordioaren arabera, enpresek ez dute inor kaleratuko, baina langile bakoitza urtero 45 egunez soldatarik gabe egongo da 2017ra arte eta borondatezko bajak emango dituzte.
Langileek hamar urte arteko eszedentzia hartzea ere adostu dute. 10 urteen kasuan, kalte-ordaina urteko soldata gordinaren % 75 izango da, eta bost urteen kasuan, % 50ekoa.
Patronalak eta sindikatuek akordioa lotu ostean, UGT, CGT eta CCOO sindikatuetako ordezkariek agerraldia egin dute eta gustura agertu dira, negoziazio gogor baten ondoren 1.134 kaleratze saihestea lortu dutelako.
Bien bitartean, Tragsa enpresa publikoko langileek, grebaren azken egunetan Madrilgo kaleak garbitzeko ardura hartu dutenek, lanean jarraitu dute eta, Udaletik jakinarazi dutenez, 460 tona zabor bildu dituzte dagoeneko.