Krisi Ekonomikoa -
Asteartean
Laminaciones Arreguiko langileak Jaurlaritzarekin bilduko dira
"Akordio zabala" lortzeko duten borondatea helaraziko diote Eusko Jaurlaritzari, enpresak iragarritako kaleratzeen aurrean.
Erredakzioa
Celsa Atlanticeko langileak (lehengo Laminaciones Arreguikoak, alegia) Eusko Jaurlaritzaren ordezkariekin bilduko dira datorren asteartean, bizi duten lan-gatazkaren aurrean "akordio zabala" lortzeko duten borondatea helarazteko.
Horixe adierazi du Nando Anguiano langile batzordearen presidenteak gaur Gasteizen, lanpostuen defentsan, egin duten manifestazioaren hasieran.
Anguianok berretsi du langileek negoziatzeko borondatea dutela, bideragarritasun plan "serioa eta erreala" eskatu dio enpresari, eta gatazka amaitzeko erakundeek izan dezaketen ardura azpimarratu du.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen enpresak 350 langile kaleratzeko aurkeztutako txostena, baina Auzitegi Gorenak atzera bota zuen erabaki hori eta begi onez jo zuen uztailean 91 langile kaleratu izana, egoera ekonomikoak justifikatzen zuela iritzita.
Gaur manifestazioa egin dute langileek lanpostuen defentsan. Protesta Gasteizko Martxoaren 3ko Plazatik abiatu da, 1976an Espainiako Poliziak hildako protestarien omenezko eskultura berriaren inaugurazioaren ondoren.