Krisi Ekonomikoa -
Itunpeko hezkuntza
Grebak % 80ko jarraipena izan du eskoletan, ELAren hitzetan
Kristau Eskolak emandako datuen arabera, bestalde, grebak %48ko jarraipena izan du.
Erredakzioa
ELA sindikatuak jakitera eman duenez, Euskadiko itunpeko zentro pribatuetan deitutako grebak % 80ko jarraipena izan du. Greba-deialdiak 250 ikastetxe baino gehiagotan eragina izan du. Kristau Eskolak emandako datuen arabera, bestalde, grebak %48ko jarraipena izan du.
Itunpeko ikastetxeetan greba eguna dute gaurkoa, ikastoletan izan ezik. Protestak itunpeko 200 bat zentrori eragingo die Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta lan-hitzarmen berriaren negoziazioa eskatzen dute irakasleek.
Gaurko greba ELA, LAB, CCOO, UGT eta EILAS sindikatuek deitu dute, eta 12.000 bat langile daude lanuztea egitera deituta.
Sindikatuek salatu dute murrizketak "langileen bizkar" egin dituztela patronalek; eta, lan-hitzarmena bukatuta, uztailaz geroztik Estatuko lan-hitzarmena jarri duela indarrean patronalak. Sindikatuen arabera, neurri hori, Estatuko lan-hitzarmena ezartzearena, legez kanpokoa da.
Goizeko hamarretan Gasteizko Legebiltzarraren atarian deitu dute sindikatuek elkarretaratzea, eta eguerdian manifestazioak egin dituzte Gasteizen, Donostian eta Bilbon.
Itunpeko eskola pribatuetako langileak Bilbon. Argazkia: EFE
Jarraipen zabala
Langileek "babes zabala" eman diote protestari eta "sektoreko zentro ia guztietan eragina izan du", ELAk agiri batean azaldu duenez.
Azken asteetan ikastetxe askok ateak ez zabaltzeko erabakia hartu zuten batzarretan, baina Eusko Jaurlaritzak inposatutako gutxieneko zerbitzuek "irekitzera behar dituzte, nahiz eta langile bakar bat ere lanera ez joan", sindikatuaren ahotan.
"Orokorrean" Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban langileen % 80k lanuztean parte hartu dute, ELAren hitzetan.
Protestak EAEko 335.000 ikasleri eragin diezaieke, sindikatuen arabera.
Gaurko grebaz gain, beste bi mobilizazio aste ere deitu dituzte adostasunik lortu ezean: urriaren 21etik 25era bata, eta azaroaren 25etik 29ra bestea.
Kristau Eskola
Itunpeko ikastetxeen patronalak, Kristau Eskolak, emandako datuen arabera, grebak %48ko jarraipena izan du. 137 ikastetxek osatzen dute Kristau Eskola.
Patronalak adierazi duenez, ikastetxe guztiek ireki dituzte gaur ateak, "ikasleen zerbitzura egon dira" eta "kasu bakarrean ere ez da greba %100ean jarraitu".
Erakundeak sindikatuek zabaldutako "informazio intoxikazioa" deitoratu du. "Langileek grebaren jarraipen zabala egitea izan da horren helburu", adierazi du eta gatazka eskoletara eraman izana salatu du. "Konponbidea ez dago eskoletan, eta badakite hori", adierazi du.