Krisi Ekonomikoa -

Administrazioen erreforma

Estatuaren 15.000 eraikin jarriko ditu salgai Gobernuak

Halaber, aldez aurreko oinarri finkorik ez duen Aurrekontua egingo duela iragarri du Rajoyk, Estatuko Administrazio Orokorraren diru-kopurua partidaz partida murriztu eta hobetzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Estatuaren ondasunak desamortizatzeko proiektu bat onartuko du ostiraleko Ministroen Kontseiluak, Administrazioan erreforma egiteko asmoz Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak asteazken honetan aurkeztu duen planaren baitan.

Ondorioz, Estatuaren 15.000 eraikin salgai jarriko dituzte, Gobernuko iturriek aurreratu dutenez. Besteak beste, hamar bat eraikin bitxi jarriko ditu salgai Gobernuak.

Orain hilabete batzuk ekin zion Gobernuak eraikin publikoen zerrenda fidagarri bat sortzeko egitasmoari eta administrazioak ordaintzen zituen alokairuen zenbatekoa berritzeari. Epe horretan, 356 alokairuren jaitsiera negoziatu du Gobernuak, eta, horri esker, 40 milioi euro aurreztu dituzte. Halaber, 88 milioi euro eskuratu dituzte, hainbat eraikin salduta.

Estatuaren automobil-parkean ere murrizketak egin dituzte, bai ibilgailu kopuruan (930etik 630era), eta baita gidari kopuruan ere. Izan ere, langileen erretiroari eta baja boluntarioari esker 1.002tik  852ra jaitsi da gidarien zenbatekoa.

Gobernuak, halaber, urtean sei milioi euro aurrezteko asmoa du, banketxe izapide bat bertan behera utziz. Zehazki, 1974an abiatutako tramitea da, funtzionariei soldata ordaintzerako orduan bost eguneko aurrerapenarekin hornidura egiteko beharra oinarri hartuta.

Aurrekontua

Halaber, aldez aurreko oinarri finkorik ez duen Aurrekontua egingo duela iragarri du Rajoyk, Estatu administrazioaren diru-kopurua partidaz partida murriztu eta hobetzeko.

Espainiako Gobernuko presidenteak aurreratu duenez, Ministerio bakoitzaren aurrekontuak berrikusi egingo dira, eta arreta berezia jarriko dute ohiko gastuen eta inbertsio errealen ataletan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea