Krisi Ekonomikoa -
Lan gatazka
Metalaren sektoreko greba 'indartsu' hasi dela esan du ELAk
CCOOren arabera, grebaren jarraipena % 60-65ekoa da Gipuzkoan. Adegiren arabera, berriz, "langileen gehiengoak bizkarra eman dio lanuzteari". 110.000 langile daude grebara deituta aste osoan.
Erredakzioa
ELA sindikatuaren esanetan, aste honetan EAEko metalaren sektorean deitutako greba "indartsu" hasi da gaur goizean, eta, horregatik, "enpresetan borroka egitea ezinbestekoa" dela esan du.
Agiri batean, ELAk gogorarazi du uztailaren 7a gertuago dagoela, eta patronalak "mugarik gabe" ezarriko duela lan erreforma. Hortaz, sindikatuek "dena" eman behar dutela iritzi dio.
Sindikatu abertzalea pozik agertu da enpresetan egindako lanarekin, eta azken asteetan egindako langile batzarrek "emaitzak" izan dituztela erantsi du, lan baldintzak "blindatzeko" mugimendu "geldiezina" hasi baita.
Zeregin horretan "uztailaren 7az geroztik" ere jarraituko duela ohartarazi du ELAk, "akordioa egon edo ez".
CCOOren datuak
Enrique Baratta CCOOko kidearen esanetan, grebak % 60-65eko jarraipena du Gipuzkoan.
Barattaren hitzetan, erantzuna "oso ona" izan da enpresa txikietan eta enpresa handi "gehienetan".
"Argi dago langileek erantzun irmoa eman dutela Adegik lan hitzarmenaren mahaian agertutako blokeoaren aurrean. Ez dugu alde batera utziko Gipuzkoako metalaren sektoreko lan hitzarmena, hori gutxieneko bat baita, hori oinarri hartuta enpresek euren hitzarmen propioak garatu ahal izateko", nabarmendu du.
Adegi: "Langileen gehiengoak bizkarra eman dio grebari"
Adegi, Gipuzkoako patronalak, ohar batean jaso duenez, "langileen gehiengoak bizkarra eman dio Metalaren grebari".
Gipuzkoako Metalgintzan 2.670 enpresa daudela adierazi du eta 44.000 langile, lantegi horien artean % 94k 10 langile baino gutxiago dituztela nabarmendu dute.
Horrela enpresa txikietan "ia jarraipenik ez" duela izan adierazi du Adegik, eta enpresa ertain eta handietan langileen % 80 lanera joan direla.
Greba deialdi ezberdinak
Astelehenetik ostirala arte, lan-hitzarmena adostu ez duten metalgintza enpresetako langileak grebarekin bat egitera deitu ditu ELAk, EAE osoan.
Bitartean, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek greba eguna deitu dituzte Gipuzkoan, ekainaren 17, 19 eta 21erako, eta 21ean Araban eta Bizkaian ere.