Krisi Ekonomikoa -
Datu ekonomiko txarrak
Rajoyren aurreikuspen ekonomikoak zuzendu ditu Europako Batzordeak
Datu ekonomiko "larri" horiek aintzat hartuta Olli Rehn Ekonomia komisarioak adierazi duenez, Espainiak beste bi urte izango ditu defizita zuzentzeko.
Erredakzioa
Europako Batzordeak Mariano Rajoyren Gobernuak duela astebete aurkeztutako aurreikuspen ekonomikoak zuzendu ditu, txarrerako; hau da, 2013an ekonomiak % 1,5 egingo duela atzera zehaztu du (Luis de Guindosek % 1,3 jaitsiko zela adierazi zuen) eta Espainiako langabezia tasa, berriz, % 27an kokatuko dela ohartarazi du.
Datu horiek kontuan hartuta, Europako Batzordearen iritziz, Espainiak ezin izango ditu defizitaren inguruko helburu berriak ere bete.
Hala, Europako Batzordearen txostenaren arabera, 2013an defizita % 6,5etik gora kokatuko da (De Guindosek % 6,3koa izango zela adierazi zuen) eta 2014an, berriz, % 7ra arte igoko da (%5,5 beharrean).
Espainiak bi urte gehiago izango ditu defizita zuzentzeko
Olli Rehn Europako Batzordeko presidenteordeak eta Ekonomia komisarioak Espainiak defizita % 3tik behera jaistea lortzeko beste bi urte gehiago izango dituela baieztatu du.
"Aurreikuspen ekonomikoak larriak direla eta Espainiako Gobernuari duen neurrigabeko defizita zuzentzeko epea bi urte gehiago luzatzeko gomendioa egin diogu", azaldu du Rehnek 2013rako eta 2014rako datu makroekonomikoak jasotzen dituen txostenaren aurkezpeneko prentsaurrekoan.
Luis de Guindosen erantzuna
Europako Batzordearen aurreikuspenek agerian utzi dute lan-erreformari esker, eta % 1eko hazkundea baino zertxobait gehiagorekin, enplegua sortu ahal izango dela, Luis de Guindos Ekonomia ministroaren hitzetan.
Bestalde, 2014rako Gobernuak kaleratutakoa baino suspertze ''biziagoa'' aurreikusi dio EBk Espainiari, ministroak azpimarratu duenez, eta, ildo horretan, Gobernuaren programa aurreikuspen ''zuhurretan'' oinarrituta dagoela azaldu du.
Halaber, EBk 2013rako eta 2014rako egindako defizitaren aurreikuspenak Gobernuaren azken neurriak aintzat hartzen ez dituela argitu du ministroak. De Guindosen ustez, neurriek batez bestekoa hobetzea eragingo dute, ''dudarik gabe''. De Guindos ziur dago erreforma plan berriak Bruselaren aurreikuspenak hobetuko dituela.
Euroguneko aurreikuspenak ere jaitsi egin dituzte
Europako Batzordeak euro guneko hazkuntzaren aurreikuspen ekonomikoa ere jaitsi egin du, hala, 2013an Barne Produktu Gordinak (BPG) % 0,4 egingo duela atzera iragarri du, eta 2014an, berriz, ekonomia % 1,2ko haziko dela zehaztu du.
Joan den otsailean, euroguneko ekonomiak % 0,3 egingo zuela atzera azaldu zuen Bruselak, eta 2014an BPG % 1,4koa izango zela.
Iazko atzeraldiaren ostean, Europar Batasuneko ekonomia 2013ko lehen sei hilabeteetan egonkortuko dela uste du Europako Batzordeak, hala jaso du 2013rako eta 2014rako aurreikuspen makroekonomikoak jasotzen dituen txostenean.
Europar Batasuneko herrialde guztiak kontuan hartuta, berriz, ekonomialarien iritziz, BPGk % 0,1 egingo du atzera aurten eta 2014n, berriz, % 1,4 igoko da.
Langabezia datuak dira, beste behin, kezka gehien sortzen dutenak. Aurreikuspen berrien arabera, aurten langabeen kopurua % 12,2raino igoko da euro guneko herrialdeetan eta % 12,1ean kokatuko da 2014an. Europar Batasuneko 27 herrialdeak kontuan hartuta, berriz, langabezia tasa % 11,1ean kokatuko da aurten eta datorren urtean.