Krisi Ekonomikoa -
Interes tasa
EBZk diruaren prezioa % 0,5era jaitsi du, gutxiengo historikoa
Europako Banku Zentralak interes tasa % 0,5era jaistea erabaki du gaur. Orain arte, diruaren prezioa % 0,75ean egon da.
Erredakzioa
Europako Banku Zentralak (EBZ) interes tasa % 0,5era jaistea erabaki du gaur, gutxiengo historikoa. Orain arte, diruaren prezioa % 0,75ean egon da. Erabaki horrekin, euroguneko jarduera ekonomikoa bultzatu nahi dutela adierazi du Mario Draghi EBZko presidenteak.
Europako Bankuko gobernu kontseiluak Bratislavan egin du bilera gaur, eta diruaren prezioa puntu erdi jaistearekin batera, beste hainbat erabaki hartu ditu. Hala, bankuei egun baterako ematen zaien diruak interes tasa txikiagoa izango du aurrerantzean, hots, % 1ekoa. Gainera, maileguak errazten jarraituko dute, % 0ko interesean emanda
Interes tipoak jaitsita, euroguneko jarduera ekonomia suspertu eta kredituak lortzeko aukerak erraztea espero dute adituek.
Zenbait adituk ez dute uste diruaren prezioa merkatuta, eurogunearen inguruko herrialde ezberdinetako enpresa txiki eta ertainek kreditua lortzeko erraztasun gehiago izango dutenik.
Duela gutxi EBZk argitaratutako inkesta baten arabera, euroguneko herrialde ezberdinetako enpresa txiki eta ertainek ez dituzte kreditua lortzeko erraztasun berdinak.
Enpresa txiki eta ertainen % 38k arazoak ditu finantzazioa lortzeko Grezian, arazo bera dute % 25ek Espainian, % 24k Irlandan eta % 21ek Portugalen. Bestalde, Alemaniako eta Austriako enpresa txiki eta ertainen artean % 8k soilik du arazo hori.
Interes tasa jaistea onuragarria izango da atzeraldian dauden euroguneko herrialdeentzat. Hala ere, Alemaniarentzat baxuegia da diruaren prezioa.
Ekonomia suspertzeko neurria dela iragarri du Mario Draghik
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidenteak iragarri duenez, diruaren prezioa merkatzeko erabakia ekonomia suspertzeko hartu dute. Halaber, asteroko enkanteetan likidezia bermatu du 2014ko uztaila arte.
Goizeko bileraren ostean, prentsaurrekoa eskaini du Mario Draghik. Kazetarien aurrean egin dituen adierazpenen arabera, "ekonomia sentimendu ahula udaberrira arte luzatu da". Horren ustez, euroguneko gobernuek pazientzia izan behar dute batasuna iritsi iritsiko baita, bai diru politikan, ekonomian eta bankuen alorrean ere.
Angela Merkel Alemaniako kantzilerra orain gutxi interes tasa igotzearen alde agertu ostean, horren harira ere hitz egin du Draghik. Horren iritziz, Merkelen hitzei gehiegizko garrantzia eman zaie: "Ez dut uste EBZren erabakian eragiteko esan zituenik hitzok". Halaber, EBZren independentziaren garrantzia nabarmendu du.
Krisialdiak dirauen bitartean, diru politikari eusteko konpromisoa hartu du, eta euroguneko ekonomia 2013. urteko bigarren seihilekoan errekuperatzen hasiko dela gaineratu du, baina "litekeena da hazkunde aurreikuspenak uste baino baxuagoak izatea".