Krisi Ekonomikoa -

Ministroen Kontseilua

Rajoyk murrizketa eta erreforma gehiago onartuko ditu gaur

Gobernuburuak azaldu duenez, murrizketak ez dira iazkoak bezain zorrotzak izango, eta zergak ez dituzte ukituko.

Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Gobernuak erreforma eta murrizketa gehiago onartuko ditu gaur, eta aurreikuspen ekonomikoak gaurkotuko ditu, Estatuan 6 milioi langabe baino gehiago daudela jakin eta gero.

Horren ildotik, Ministroen Kontseiluak 2013-2016 urteetarako Egonkortasun Programa eta Erreformen Plan Nazionala onartuko ditu, eta ondoren Europako Batzordeari igorriko dizkie, Bruselak defizit helburua malgutzeari oniritzia eman diezaion.

Orain arte, aurten Espainiako ekonomia % 0,5 jaitsiko dela kalkulatu izan du Mariano Rajoyren Exekutiboak, baina gaur "aurreikuspen zuhurragoa" egingo dute, Luis de Guindos Ekonomia ministroak aurreratu duenez. Azkenean, baliteke jaitsiera uste baino hiru aldiz handiagoa izatea, % 1,5ekoa, hain zuzen ere.

Testuinguru horretan, zaila izango litzateke Bruselak urte honetarako ezarritako defizit helburua (BPGren % 4,5) betetzea, batik bat 2012. urtean Espainiaren defizit publikoa % 10,6koa izan dela kontuan hartuta.

Bruselak defizit helburu berria ezagutarazi bitartean, Ministroen Kontseiluak erreforma gehiago onartuko ditu gaur. Dena dela, murrizketak ez dira iazkoak bezain zorrotzak izango, eta zergak ez dituzte ukituko, betiere Rajoyk berak azaldu duenez.

Iaz, Espainiako Gobernuak 10.000 milioi euroko murrizketa egin zuen osasunean eta hezkuntzan, BEZa igo zuen, eta abenduko aparteko soldata kendu zien funtzionarioei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea