Krisi Ekonomikoa -
Bilera Dublinen
EBk 7 urte gehiago eman dizkie Irlanda eta Portugali dirua itzultzeko
Halaber, Europako Banku Zentrala euroguneko bankuen ikuskatzaile bakarra bihurtzea adostu dute Ekonomia ministroek.
Erredakzioa
Irlandak eta Portugalek maileguak itzultzeko epea zazpi urtez luzatzea adostu du ostiral honetan Europar Batasunak, bi herrialde hauek finantza-merkatuetara ahalik eta lasterren itzuli ahal izateko.
Horrela hitzartu dute euroguneko Ekonomia ministroak Dublinen bilera egin ostean. Ondoren, Ecofineko ministro guztiek erabakia berretsi dute.
78.000 eta 85.000 milioi euroko maileguak itzultzeko epearen luzapenak arnasa eskainiko die Portugali eta Irlandari. Hala ere, erabaki horrek eurogunean soilik emandako maileguei eragingo die.
Halaber, Europako Banku Zentrala euroguneko bankuen ikuskatzaile bakarra bihurtzea adostu dute Ekonomia ministroek.
Banku-zorra eta zor-subiranoaren arteko gurpil zoroa apurtzeko helburua du erabaki horrek. Gainera, arazoak dituzten erakundeei MEDEk zuzenean dirua eskaini ahal izatea ahalbidetuko du.