Krisi Ekonomikoa -
Erreskatea
Zipreko Parlamentuak korralitoa onartu edo ez bozkatuko du gaur
Zipreko Gobernuak akordioa lotu berri du hartzekodunen troikarekin neurriak aurrezki txikiak dituzten herritarrengan eragin txikiagoa izateko.
Erredakzioa
Zipreko Parlamentuan, Eurotaldeak inposatutako erreskatea onartu edo ez bozkatuko dute gaur. Plan horren ondorioz, 'korralitoa' ezarri dute herrialdean, Europar Batasunean lehen aldiz.
Zipreko Gobernuak akordioa lotu berri du hartzekodunen troikarekin neurriak aurrezki txikiak dituzten herritarrengan eragin txikiagoa izateko.
Negoziazioko iturriek jakitera eman dutenez, azken akordio horretan lotutako baldintzak izango dira gaur Parlamentuan bozkatuko dutena.
Akordio horrekin, 100.000 eurotik beherako aurrezkia duten herritarrek % 3ko aparteko zerga ordainduko dute, % 6,7koa izan beharrean; eta 100.00 eurotik gora dituztenek % 12,5eko zerga ordainduko dute, % 6,7koa ordaindu beharrean.
Larunbatean horren berri izan eta gero, herritarrak bankuetara joan ziren, dirua ateratzeko helburuz, baina Gobernuak 'korralitoa' ezarri zuen, hau da, dirua ateratzea debekatu zuen. Bankuak itxita izango dira asteartea arte, baina ez dute baztertu neurria luzatzea.
Parlamentuan erreskatea onartzeko, Nikos Anastasiadis presidentearen Gobernuak gehiengo osoa behar du (29 boto, 56tik), baina bere alderdiak 20 eserleku baino ez ditu.
Horrenbestez, DIKOren, hauteskundeen ostean babesa eman zion zentroko alderdiaren, bederatzi diputatuen babesa beharko du. Zipreko hedabideen arabera, baina, alderdi horretako diputatu batek erreskatearen aurka bozkatuko du.