Krisi Ekonomikoa -
Iberiako greba
Iberiako bitartekariak kaleratzeak gutxitzeko proposamena aurkeztu du
Konpainiak eta sindikatuek proposamenaren inguruko xehetasunik ez ematea adostu dute, eta behin hausnarketa eginda, ostegunean bilduko dira berriro.
Erredakzioa
Gregorio Tudela Iberiako gatazkarako bitartekariak proposamen bat aurkeztu die sindikatuei eta Iberiako zuzendaritzari, aurreikusitako 3.807 kaleratzeak gutxitzeko.
Proposamenaren inguruko xehetasunik ez emateko konpromisoa hartu dute bi aldeek eta behin proposamena hausnartuta, ostegunean bilduko dira berriro.
Kaltetutako lagunen kopurua berriro kalkulatu beharko den arren, "irteera traumatikoak ekiditeko Tudelak proposatutako formula" positibotzat jo dute sindikatuek.
Ana Pastor Sustapen ministroak ere "positibotzat" jo du bi aldeek "hausnarketarako denbora bat" hartu izana. Halaber, bitartekariaren lanak "gatazkari irtenbidea emateko" balio izatea espero du.
Langileen elkarretaratzea
Bestalde, 2.000 langile inguru bildu dira beste behin konpainiak Madrilen duen egoitzaren aurrean, lan-erregulazio txostenaren aurka protesta egiteko.
2.000 manifestaritik gora poliziaren iturrien arabera, eta 8.000 langile inguruk sindikatuen arabera, Iberiak proposatutako planaren aurka protesta egin dute.
Bidaiari gutxi eta polizia asko
Barajaseko T-4a ia hutsik dago bidaiariei dagokienez, baina polizia ugari dago, grebaren zortzigarren egunean.
Gaurkoan, aurreikusitako 233 hegaldietatik 89 bertan behera utzi dituzte Madrilen. Euskal aireportuetan, aurreko egunetan bezala, 50 hegalditik gora geratu dira bertan behera sindikatuek jakinarazi dutenez.