Krisi Ekonomikoa -
Laugarren greba eguna
Iberiako zuzendaritzak eta langileek bitartekaritza onartu dute
Gregorio Tudela katedraduna izango da lan gatazka konpontzeko arduraduna. Sindikatuek, hala ere, 15 eguneko greba deialdiari eustea erabaki dute.
Erredakzioa
Ana Pastor Sustapen ministroak ostegun honetan adierazi duenez, Iberiako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek bitartekaritza onartu dute, lan gatazka konpontzeko. Hala ere, Iberiako sindikatuek 15 eguneko greba deialdiari eustea erabaki dute.
Gregorio Tudela Madrilgo Unibertsitate Autonomoko katedraduna izango da bitartekaria. "Berehala" hasi nahi du lanean, eta, horren ustez, alde biek sakrifizioak egin beharko dituzte akordioa ixteko eta Iberiak etorkizuna izan dezan lortzeko
Ahal bezain laster akordioa lortu beharra azpimarratu du Gregorio Tudelak, "aire konpainien sektoreak Espainian eta bertako ekonomian daukan garrantzia kontuan hartuta". "Gatazkak ez dio inori mesederik egiten", gaineratu du.
Bitartekaria izendatzea pauso logikotzat jo dute sindikatuek. Gatazka konpontzen ez bada, laudo bat egon beharko du, 2012an gertatu bezala.
Atzo batzarra egin zuten Iberiako zuzendaritzak eta Greba Batzordeak, baina ez zuten inolako aurrerapausorik egin. Bileraren amaieran, greba deialdiarekin eta mobilizazioekin jarraitzeko asmoa agertu zuten sindikatuek. Zuzendaritzak, berriz, akordioa lortzeko borondatea berretsi eta horretarako aukera gehiago egongo direla nabarmendu zuen.
Greba deialdiari eustea erabaki dute
Iberiako sindikatuek 15 eguneko greba deialdiari eustea erabaki dute, Gregorio Tudelaren bitartekaritza onartzea erabaki badute ere.
Sindikatuek bitartekaritzak irauten zuen bitartean greba deialdia bertan behera uztea pentsatu zuten, baina azkenean atzera egin zuten, Rafael Sanchez-Lozano Iberiako kontseilariaren jarrera ikusita.
Kontseilariaren "hitz harroak" salatu dituzte sindikatuek. Horien arabera, bitartekaritzak negoziazio epeetan ez duela eragingo adierazi zuen Sanchez-Lozanok. Beste mehatxu bat ere egin omen zuen: martxoaren 14rako akordiorik lortzen ez badute, lan erregulazioko txostena aplikatuko dutela.
Hegazkin konpainiako ordezkarien iritziz, bitartekaritza zerbitzuak ez du Iberiaren eta sindikatuen arteko negoziazio prozesua geldiaraziko. Zuzendaritzak adierazi duenez, bitartekariak egindako proposamenak ez dira derrigorrez bete beharrekoak, eta bi aldeek beren gogoz onartu behar dituzte.