Krisi Ekonomikoa -
Eusko Legebiltzarra
Jaurlaritzak zerbitzuak elkartuko ditu osasun publikoa bermatzeko
Jon Darpon Osasun sailburuak azaldu duenez, espezializazio maila altuko zerbitzuei eragingo die neurriak.
Erredakzioa
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuak iragarri duenez, Osakidetzak espezializazio maila altuko zerbitzuak elkartuko ditu, herritar guztiei osasun publiko "unibertsala eta kalitatezko" bermatu ahal izateko.
Darponek Eusko Legebiltzarreko Osasun batzordean egin ditu adierazpenok, bere Sailak datozen lau urteetan izango duen irizpidea azaltzeko egindako agerraldian.
Legegintzaldi honetako aurrekontuetan mugak izango dituztela gogorarazi du Darponek, eta osasun sistemaren iraunkortasuna bermatzeko erabakiak hartu behar dituztela.
Sailburuak iragarri duenez, espezializazio maila altuko zerbitzuak elkarrekin bilduko dituzte, organo batzuen transplanteak eta laborategiko froga zail jakin batzuk, besteak beste.
Horrez gain, farmaziako erosketak ere zentralizatu nahi dituzte, osasun alorreko materiala, teknologia eta kanpo zerbitzu batzuen hornidura tarteko.