Krisi Ekonomikoa -

Erregulazio Txostena Alfan

Alfako langileak Erregulazio Txostenaren aurka agertu dira

Alfa taldea Hartzekodunen Lehiaketa egoeran dago urriaren 23az geroztik. Azaroaren 20an langileen ordezkariek batzarra izan zuten enpresako zuzendaritzarekin eta hartzekodunen administrazioarekin.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfa Enpresa Taldeko langileek Eibarko eta Mallabiko lantegietan aurkeztutako Lan-Erregulazio Txostenen aurkako manifestazioa egin dute Eibarko kaleetan zehar. Erregulazio horiek 87 langileri eragingo die.

"Alfan kaleratzerik ez" lemapean, ehunka langile abiatu dira Unzaga enparantzatik, eta bideragarritasun plan bat eta lanegunen murrizketen edota enpleguak mantentzeko lan zamaren inguruan negoziatzeko ahalmena eskatu dute.

"Alternatibak"

LAB sindikatutik kanporatzeen aurrean alternatibak badaudela ziurtatu dute, "lanaren banaketaren eta aberastasunaren inguruan hitz egiten dugunean, gure lankideak lantegian jarraitzea bilatzen baitugu. Horretarako lanaldien murrizketez hitz egin beharko dugu, nahiz eta etendura Erregulazioa onartzen dugun", azpimarratu dute.

Alfa taldea Hartzekodunen Lehiaketa egoeran dago urriaren 23az geroztik. Azaroaren 20an langileen ordezkariek batzarra izan zuten enpresako zuzendaritzarekin eta hartzekodunen administrazioarekin.

"Zentzurik gabe"

Batzar horretan taldearen lantegi guztietan Erregulazio Txostenak aurkeztu eta Alfa Taldea bereiztea nahi duela azaldu zuen zuzendaritzak. Beste alde batetik, taldearen enpresa guztietan bideragarritasun plan ezberdinak egiteko konpromisoa hartu zuen.

Horren harira, derrigortutako kaleratzerik onartuko ez duela iragarri du LABek, "ez baitauka zentzurik beharrezkoak diren bideragarritasun planak egin aurretik langileak sobran daudela esatea. Horregatik, urtarrilaren 2an eta 4an bi orduko lanuzteak egingo ditugu txanda bakoitzean, eta urtarrilaren 7an, 9an eta 11n greba egingo dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea