Fagor -
Kutxabanken aurkako salaketa
Fagorren ekarpenen dirua ez bueltatzea ebatzi du berandu salatzeagatik
Epailearen iritziz, salaketa jarri zuen gizonezkoak "berandu" jo zuen epaitegietara, "iruzurraz" 2008. urtean jabetu zela argudiatuz.
Erredakzioa
Gasteizko Lehen Auzialdiko 5. epaitegiko epaileak bertan behera utzi du bezero batek Kutxabanken aurka jarritako salaketa, Fagorren ekarpen subordinatuengatik. Salaketa jarri zuten hiru anaien amak 2004. urtean erosi zituen ekarpenak Vital Kutxan, baina epailearen hitzetan, “ekintza iraungi” egin da.
Hortaz, Kutxabankek ez du ekarpenen dirua bueltatu beharko, salaketa iruzurraz jabetu eta sei urtera jarri zuelako.
2004. urtean, salatzaileak Fagorren ekarpenak Vital Kutxako bulego batean erosi zituen.
Ebazpenaren arabera, bezeroak nahi zuen unean "produktua saldu zezakeela" pentsatu zuen hasieratik, nahiz eta "produktuaren likidotasuna" ondo azaldu zioten. "Ez zuen produktuaren likidotasuna ulertzeko ezagutza nahikorik", adierazi du epaileak.
2008. urtean, bezeroak ekarpenak saltzea erabaki zuen, eta orduan jabetu zen "iruzurraz".
Urtebete beranduago, berriro saiatu zen, baina erantzun berdina eman zioten Kutxabanketik. Orduan, interesak kobratu eta salaketarik ez jartzea erabaki zuen.
Fagorrek porrot egin ondoren hartu zuen salaketa jartzeko erabakia.
Epaileak azaldu duenez, lau urteren ondoren, ekintzak "iraungi" egin du eta iruzurraz jabetu zenetik sei urtera salaketa jarri izatea azpimarratzen du.
Errekurtsoa jartzeko aukera izango du orain gizonezkoak.