Fagor -
Fagor Etxetresnak
Edesak otsailaren 10a zehaztu du bideragarritasun planaren muga gisa
Fagor Etxetresnaken Confort dibisioa aurrera ateratzeko plana sortu dute Basauriko lantegiko langileek, vaina "diru-laguntza sendoa" falta zaiela kexu dira.
Erredakzioa
Basauriko Edesa lantegiko langileek otsailaren 10a zehaztu dute sortu duten bideragarritasun plana lantzen jarraitzeko muga gisa. Finantziaziorik izan ezean, itxaropenak luzatzen jarraitzeari utziko diotela adierazi dute.
Edesako langileek sortutako planari esker, Fagor Etxetresnaken Confort sekzioa aurrera ateratzeko aukera egongo litzateke, Bergarako eta Basauriko lantegiak, hain zuzen. Euren kalkuluen arabera, 20 milioi euroko finantziazioa beharko luke hasteko.
Adierazpen batean azaldu dutenez, plana sortu duen taldeko kideek –guztiak Edesako langile eta bazkideak dira-, ostegunean euren lankideek egindako laguntza deia babestu dute, eta otsailaren 10ean proiektu horretan lan egiteari utziko diotela jakinarazi dute.
"Proiektuak ahalik eta dedikazio gehiena behar du, baina ezin dugu betirako itxaropena sortu langileen, hornitzaileen eta bezeroen artean", azaldu dute.
Gainera, plana "diru-laguntza sendo bat" izan gabe aurrera eramatera ez dela "arduratsua" gehitu dute, eta, tamalez, ez dela laguntzarik zehaztu oraindik.
Horren harira, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundien, Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako Batzordeko talde parlamentarioen eta Basauriko Udalaren "babes instituzionala" eskertu dute.
Edesako gainontzeko langileei ere "lanpostuak mantentzeko asmoa duen plan honetan inplikatzea, esfortzua egitea eta babestea" eskertu diete.
Pasatu den ostegunean, Edesako langileek instituzioei eta Mondragon Korporazioari (MCC) laguntza eskatu zieten, elkarlanean lantegia irekitzeko, "denbora amaitzen" ari zaiela azpimarratuz.
Fagor Etxetresnakekin eroritako Basauriko lantegian txandaka itxialdian jarraitzen dute langileek, azaroan ateak itxi zituenetik.