Bitxikeriak -
Ezkontza arriskutsua
Surflari talde batek bi ezkongai erreskatatu ditu, Zumaiako hondartzan
Bikotea ezkontzako argazki bilduma egiten ari zen eta emakumeari irudi horietako bat uretan egitea bururatu zitzaion. Olatuek emaztea itsasoan barneratzen zuela ikustean, senarra ere uretan sartu da.
Erredakzioa
Gertakari bitxia izan zen atzo Zumaiako Itzurun hondartzan. Surflari talde batek ezkongai batzuk uretatik erreskatatu behar izan zituen. Baleike.com atariak argitaratu duenaren arabera, bikotea ezkontzako argazki bilduma egiteko gerturatu zen Itzurun aldera eta argazki bitxia lortzeko asmoz, Titanic filmaren emanaldi berri bateko protagonista izan da.
Emakumea, soraluzearra, eta senarra, zaragozarra, hondartzaren eskuineko aldera, Talaimendi azpira, gerturatu ziren, argazkilari batekin. Inguruan zebilen jendea bikoteari begira hasi zen laster.
Emakumeak, argazki ikusgarria lortzeko asmoz, uretan sartzea erabaki omen zuen eta itsasoaren indarraren ondorioz urruntzen ari zela ikustean, senarra uretara bota zen emaztea erreskatatzeko. Hala ere, gizona ere arriskuan zegoela ikustean, gertakariari begira ari ziren beste bi pertsona ere uretara bota ziren bikotea laguntzeko, baina horiek ere itsasoan barrena eraman zituzten olatuek.
Azkenean, inguruan zeuden pertsonak surflariei oihuka hasi ziren laguntza eske. "Olatu handiak zetozela abisatzeko oihuka ari zirela uste nuen, baina pertsona talde bat uretan zegoela ikusi nuen", aipatu du surflari batek. Azkenean, taula gainean itsasertzera eraman zituzten.