Cerrar

Fútbol

Partido de la selección

Peticiones de los jugadores

Redacción

Los jugadores han remitido una serie de peticiones a la Federación Vasca de Fútbol (texto íntegramente en euskara).

Euskadiko Futbol Federazioak (EFF), jokalariok aurkeztutako agiriari
emandako erantzunen inguruan hausnarketa egin ondoren, berriro ere
zuengana zuzentzen gara zehaztapen gehiago eman asmoz. Baina, ezer baino
lehen, gure haserrea azaldu nahi dizuegu, azken bileran hitzartu genuena ez
duzuela bete uste dugulako. Beste behin ere, bileran izandako jokalarien izenak
eta bileraren edukia (nahiz eta ez oso modu zuzenean) prentsan agertu dira.
Albistea hedabideetara nondik iritsi den ziur jakiterik lortu ez badugu ere,
zuetakoren bat dela uste dugu emandako hitza bete ez duena. Ez zaigu oso
jarrera heldua iruditzen zuen aldetik, batez ere honelako gai eta une delikatuan
gaudela. Ez dugu onartuko horrelako beste azpi-jokorik, ez eta gure izenen
erabilera interesaturik. Espero dugu, beraz, ohar hontatik aurrera horrelakorik
ez berriz gertatzea.
Hemen azaltzen diren puntu guztiak, batzuk oso sinbolikoak iruditu arren,
arduraz eta serio lantzeko eskatzen dizuegu. Bileretan behin eta berriz mahai
gainean izan ditugun gaiak dira, eta bidean aurrera egin dezagun, publikoki
ardurak hartzeko eskatzen dizuegu. Zuen asmoak benetakoak direla jakiteko,
ez zaigu beste biderik geratzen. Ez dugu hitz hutsezko borondate ederrik
onartzen. Bada garaia gure selekzioaren ofizialtasunaren bidean genezakeena
egiten serio has gaitezen. Horrela, bidea urratuz, joango gara ikusten non
dauden ezintasunaren mugak, eta muga horiekin topo egitean pentsatuko dugu
horiek gainditzen nola saiatu. Ez dugu adostasun sinboliko argazkitarakorik
nahi, sinismenik gabeko bide lagunik ere ez, ofizialtasunaren bideko lekukoa
serio hartuko duen federazioa nahi dugu, jokalariok amets horrek elkartzen
baikaitu. Gurekin batera indar egingo duen federazioa sentitu nahi dugu,
bestela, elkar lan honi ez diogu arnas luzea ikusten.
Baldintzak:
1.- “Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea,
Lapurdi eta Zuberoa ordezkatzen dituen selekzioa da gure selekzioa. Ez
gara Espainiako selekzio autonomiko bat. Nazio izaera duen selekzioa da
gurea eta ofizialtasuna behar dugu, munduaren aurrean gure Herria ere
ordezkatua egon dadin”.
Goian aipatzen dena partida aurkezpen guztietan EFFk bere egitea
eskatzen dugu, publikoki. Hori zabaltzeko pertsona egokiena haren goreneko
ordezkaria (presidentea) dela uste dugu. Gustatuko litzaiguke, bere ahotik
horretan sinesten duela entzutea, bileretan entzun ditugun kontuak benetakoak
direla jakiteko. Halere, bide hori egokiena dela uste ez baduzue, prest gaude
prozedura adosteko. Baina, beti ere, Federazioak selekzioaren izaeraren
inguruan duen ikuspegia (goian aipatzen dena) garbi azaldu beharko du
publikoki jendartearen aurrean. Ez dugu mezu bikoitz edo nahasgarririk
onartuko. EFFren eta jokalarion ikuspegia berdinak direla somatu nahi genuke,
behingoz. Hori da gure nahia.
Honetaz gain, aurkezpenerako karteletan Euskal Herriko mapa modu
ikusgarrian azaltzea eskatzen dugu. Selekzioaz hitz egitean 7 euskal herrialdez
osaturiko selekzioaz ari garela garbi gera dadin.
2.- Partida guztien aurretik, zelaian argazkia aterako dugu jokalari eta
EFFko kideek pankarta batekin. Bertan “Nazio bat gara: ofizialtasuna!”
jarriko du, eta Euskal Herriko mapa azalduko da.
Behin baino gehiagotan esan izan zaigu EFFtik jokalarioi pankartarik ez
ateratzeko. Eta, aurrerantzean arazorik egon ez dadin egin dugu eskaera hori.
Argi eta garbi adierazi nahi dugu zeren ofizialtasuna nahi eta behar dugun,
eta zergaitik. Zazpi euskal lurraldeetako jokalariz osatutako selekzioaren
ofizialtasuna da nahi duguna, behar duguna, nazio bat garelako. Eta mezu hori
zelaian bertan ere argi azaltzea ezinbestekotzat jotzen dugu.
3.- Euskadiko Futbol Federakundea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara
mugatutako federazioa izanik ere, selekzioa 7 lurraldetara zabaltzen
denez: Nafarroa eta Iparraldeari begira ere lan egiten hastea eskatzen
dugu. Honetarako, herrialde horietako federazio eta klubekin elkarlan
asmoak eta herrialde horietan partidak antolatzeko beharrezko diren
pausuak ematen hasiko dela publikoki adieraziko ditu EFFk (kasu honetan
ere, hori zabaltzeko pertsonarik egokiena presidentea dela uste dugu,
baina prest gaude prozedura adosteko). Halaber, publikoki onartzea
eskatzen dugu, partiden antolaketa hori EAEko federazioaren
eskumenetik kanpo geratzen bada, beste antolaketa modu bat beharko
lukeela gure selekzioak aurrerantzean.
Guk ez dizuegu ezinezko ezer eskatzen. Borondate kontua da. Dituzuen
asmoen berri eta aurrera begirako ikuspegia eta lan-ildoa publikoki garbi
azaltzea baino ez dugu eskatzen. Guk, ez dizuegu epe motzean Nafarroan edo
Iparraldean partida bat antolatuko duzuela publikoki ziurtatzeko eskatzen
(badakigu, adibidez, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barnebiltzen
dituen futbol federaziorik ez dagoela, gaur egun). Baina, “zazpi lurraldeetako
jokalariak hautatzeko irizpidea” mantentzen duzuela aipatzen duzuen era
berean, onartu beharko zenukete bi lurralde horietan ere Euskal Herriko
Selekzioarekin jokatzeko aukera izan beharko genukeela. Eta etorkizunean hori
egia bilaka dadin, bide hori egiten hasi gaitezen EFFk bere eskuetan dituen
bitarteko guztiak jartzeko eskatzen dizuegu.
EFF prest al dago, esate baterako, nafar jokalariek Nafarroan Euskal
Herriko Selekzioarekin partida jokatzeko duten eskubidea publikoki aldarrikatu
eta bide horretan lan egiteko konpromezua hartzeko? Jokalari nafar batek
Euskal Herriko Selekzioan jokatzeko aukera baldin badu, naturalki, Euskal
Herriko Selekzioak Nafarroan ere jokatzeko aukera izan beharko luke. Eta
Iparraldean berdin.
4.- EFFak FIFA data guztiak gure selekzioari ere onartzeko eskaera
egitea eskatzen dugu. Hauen erantzuna ezezkoa den kasuan EFFk (kasu
honetan ere presidentea litzateke egokiena gure ustez, baina prozedura
adosteko prest gaude) publikoki hau salatu egingo du, honetarako
antolatutako prentsaurreko baten bidez. Garbi adieraziko du bertan,
mugak nondik datozen, eta EFFaren helburua 7 lurraldeetako euskal
selekzioaren ofizialtasuna dela.
FIFA data guztiak eskatzeak badu zentzua. Gainontzeko selekzioek data
horietan jokatzeko aukera dutela jakinik, nazio selekzio bat garela
aldarrikatzeko beste modu bat, beste bide bat da guri ere FIFA datak onartzeko
eskatzearena. Beste kontu bat da, gero data horiek erabiliko liratekeen edo ez.
Eta, erantzuna ezezkoa den kasuan “hori jendarteratu” egingo duzuela
erantzun diguzue. Nola egingo duzuen jakin nahi dugu, jendarteak egoera zein
den jakitea garrantzitsua dela uste dugulako. Horretarako antolatutako
prentsaurreko baten bidez egitea iruditzen zaigu modurik eraginkorrena. Eta
garbi adierazi bertan mugak nondik datozen eta EFFren helburua 7
lurraldeetako euskal selekzioaren ofizialtasuna dela.
5.- Aspalditxoan hitzez sarri aipatu bai, baina pausurik eman ez den
“Nazioarteko Txapelketa”ren antolaketa martxan jartzea eskatzen dizuegu.
Helburua: “Nazio bat gara eta ofizialtasuna behar dugu” esatea mundua
zehar.
EFFri, urtean partida bat baino gehiago jokatuaz, “Nazioarteko Txapelketa”
antolatzeko asmoa duela publikoki aitortzeko eskatzen diogu. Baina aitormen
hutsa ez dugu askietsiko, bide hau urgentziaz urratu beharrekoa dela
baiteritzogu. Beraz, 6 hilabetetako epean gure selekzioarentzat egutegi ofizial
bat aurkezteko konpromezua har dezala EFFk . Bide honetan benetako
sinismena duzuela jakin nahi dugu. Urteak daramatzagu kontu hauetaz
hizketan, eta horregaitik, oraingoan epe jakin baten barruan zerbait publikoki
aurkeztuko duzuenaren ziurtasuna nahi dugu.
6.- Lehen ere esan genuen: gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa
da. Hautsak harrotu zituen gai honek, hedabide asko gaiaren mamia
nahasten eta eztabaida behar ez zen lekuetara eramaten saiatu zirelako,
besteak beste. Orain, berriro diogu: Euskal Herria da gure ustez selekzioa
izendatzeko izenik egokiena. Baina, aurrera egiteko borondatea dugu.
Garbi utzi nahi dugu beste behin ere selekzioaren izenak baino askoz
gehiago kezkatzen gaituela selekzioaren izanak. Eta horregatik, eta betiere
aurreko puntuetan adostasuna lortzen badugu,
honakoa onartzeko prest gaude: Euskal Selekzioa terminoa erabiltzea
partiden aurkezpenetan.
Baldin eta aurreko 6 baldintzentatik zerbait onartzen ez baduzue, edo
etorkizunerako proposatutako lan ildoak lantzeko asmorik ez baduzue,
eskertuko genizueke hala adieraztea eta azaltzea, bai guri, bai euskal
jendarteari ere, nahasmenik egon ez dadin, ez eta joko bikoitzik ere. Azken
batean, zintzotasunez jokatzeko baino ez dugu eskatzen. Gurea ez da
konfrontazio jarrera bat. Gu, Euskal Herriko futbol selekzio ofiziala lortzeko
bidean eraginkortasuna bilatzen dugun euskal futbolariak gara. Munduko beste
edozein futbol jokalarik bezala, zein taldetan jokatu erabakitzeko eskubidea
baino ez dugu eskatzen. Inposiziorik gabe, bakoitzak bere izatearekin
koherentzian. Eskatzen dizueguna da zuek ere, gure maila berean, helburu
beraren bila zuen esku dagoen guztia egitea, besterik ez. Eta gehiago egiten ez
baduzue, garbi gera dadila zergatik ez duzuen egiten: saiatuta gehiago ezin
duzuelako ala saiatu nahi ez duzuelako.
Esan bezala, euskal futbol jokalariak, jarrera ardutasua izanik, prest gaude
partida jokatu dedin akordio batera iristeko eta etorkizunean elkarlanean
aritzeko. Baina beti ere, akordioa zertan datzan eta etorkizuneko lan ildoak
zeintzuk diren garbi adieraziz euskal jendarteari.
Elkar ulertuko dugulakoan, zuen erantzunaren zain geratzen gara.
2010ko azaroa
Euskal Herriko Futbolariak