Itxi

Alaves

Berdinketa

Alavesek puntu bat ateratzea lortu du Eivissan (1-1)

B.L. G. | EITB MEDIA

Partida zail bati aurre egin behar izan diote Luis Garcia Plazaren mutilek. Eivissak 10. minutuan egin du lehenengo gola, eta Alaves gainditu du hasieratik. Oso oldarkorra izan da Balearretako taldea hasieratik. Luis Riojak partida berdintzea lortu du 54. Minutuan.

  • Luis Rioja

    Luis Rioja. Argazkia: @Alaves

Alavesek berdinketa lortu du Eivissaren aurka. Luis Garcia Plazaren taldeak partida zail bati aurre egin behar izan dio, eta, norgehiagokaren zati askotan, etxekoengatik gaindituta ikusi du bere burua.

Eivissa - Alaves partidaren laburpena (1-1):

Oso oldarkor zelairatu da Eivissa Can Missesen. 4. minutuan, Siverak esfortzu handia egin behar izan du etxekoen lehen jaurtiketa gelditzeko. Erasokorrak izan dira oso Eivissaren lehen minutuak, eta hala lortu dute markagailuan aurreratzea 10. minutuan Suleimanek area izkinatik egindako jaurtiketa neurtu eta gogor batekin.

Eivissak monopolizatu du lehen zatian erasoa, eta Alavesek nola edo hala eutsi dio partidari. Gainera, Garcia Plazak Mamadou Sylla aldatu behar izan du atsedenaldia baino lehen, min hartu baitu. Horrek nabarmen ahuldu du gasteiztarren erasoa.

54. minutuan, baina, Luis Riojak partida berdintzea lortu du. Ruben Duartek egindako pase bat sareratzea lortu du sevillarrak.

Fisikoki partida gogorra izan da bi taldeentzat, eta, bigarren zatian, erritmoa nabarmen jaitsi da. Etxekoek, ordea, ez dute amore eman, eta amaierara arte saiatu dira garaipena lotzen. Horren adibide da 81. minutuan VARrak ezerezean utzi duen penaltia.

Partida amaituta zegoela zirudienean, babazorroak bigarren gola jasotzeko puntuan izan dira. 92. minutuan, Castelek egindako jaurtiketa bat kanpora joan da.

Azkenean, puntuak banatu dira Can Missesen, eta Alavesek denboraldiko lehen berdinketa lortu du.

Fitxa teknikoa:

1 - UD Ibiza: Fuzato; Ze Carlos, Juan Ibiza, Goldar, Javi Vazquez; Appin (Alvaro G., 64. minutuan), Armando (Escobar, 80. minutuan), Morante (Ekain, 64. minutuan), Suleiman (Villar, 80. minutuan); Dario (Castel, 71. minutuan) eta Herrera.

1 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Abqar (Moya, 46. minutuan), Maras (Arroyo, 66. minutuan), Javi Lopez (Duarte, 46. minutuan); Alkain, Sedlar, Salva Sevilla, Rioja; Miguel (Taichi, 80. minutuan) eta Sylla (Jason, 42. minutuan).

Golak: 0-1. M.10: Suleiman; 1-1. M.54: Rioja.

Epailea: Luis Mario Milla Alvendiz Eivissako Morante (35. minutuan), Ze Carlos (69. minutuan), Armando (77. minutuan) eta Alvaro G. (86. minutuan) zigortu ditu, eta  txartel horia erakutsi die Alaveseko Abqarri (43. minutuan) eta Marasi (51. minutuan).