Itxi

Eibar

SmartBank Liga (31. jard.)

Eibarrek hiru puntuak poltsikoratu ditu Burgosen aurka (1-0) eta laugarren garaipena jarraian bereganatu du

EITB Media

Armaginek 1-0eko emaitzarekin irabazi diote Gaztela eta Leongo taldeari. Ondorioz, igoera postuetan mantendu dira. Bautistak sartu du norgehiagokako gol bakarra, 34.minutuan.

  • Eibar - Burgos

    Eibar taldeko jokalariak Bautistak Burgosi sartutako gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek irabazi egin du Burgosen aurka (1-0) martxoaren 11n Ipuruan jokatutako SmartBank Ligako 31. jardunaldiko partida eta armaginek igoera postuetan jarraitzen dute. Jon Bautistak sartu du neurketako gol bakarra, 34. minutuan. Laugarren garaipena jarraian bereganatu du Gipuzkoako taldeak.

Eibar - Burgos (1-0) partidaren laburpena

Eibarrek erasokor ekin dio norgehiagokari; Burgosek, aldiz, atzean sartuta. Azkar eman du lehen abisua talde armaginak, baina Caro atezainak desbideratu egin du Stoichkoven jaurtiketa; gainera, aldaratzean, Carok erantzun paregabea eman dio Nolaskoainen erremateari. Lan eskerga izan du Carok hasierako minutuetan, eta 15.ean ere Eibarren gola saihestu du Rahmaniren errematea geldituta. Zazpi minutu beranduago, Rahmanik area kanpotik egindako jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik.

Burgosen erantzuna 25. minutuan iritsi da, baina Artolari aurrera hartu dio Luca Zidane atezainak euskal aurrelaria errematea egiteko prest zegoenean.

Bazirudien lehia golik gabe iritsiko zela atsedenaldira, baina ez da hala izan, Bautistak 1-0ekoa jarri baitu markagailuan; aurrelari armaginak ate barruan sartu du baloia Matheusen erdiraketa bikain errematatuta, 34. minutuan.

Lehen zatia amaitu aurretik Burgosek izan du gola sartzeko aukera argia, baina Luca Zidanek gelditu egin du Atienzaren jaurtiketa.

Bigarren zatiaren hasiera lehenengoaren oso antzekoa izan da; hau da, Eibar erasokor zelairatu da, eta Burgosen helburua izan da aurkariari eragoztea Carok babestutako ate ingurura iristea.

Dena den, Burgosek izan du bigarren zatiko lehen abagunea Goldarrek langa gainetik kanpora bidali duen errematearen bidez. Beranduago etorri da Eibarren erantzuna, baina Carok desbideratu egin du Bautistaren jaurtiketa.

Partidako azken txanpan Eibarrek kontrolpean izan du neurketa. Burgos urruneko jaurtiketen bidez saiatu da berdinketaren gola lortzen, baina ez ditu armaginak gehiegi estutu, eta Eibarrek poltsikoratu ditu hiru puntuak.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Luca, Sergio, Venancio, Berrocal, Arbilla, Nolaskoain, Matheus, Corpas (Aketxe. 75. min), Stoichkov (Muñoz, 60. min), Rahmani (Quique, 75. min) eta Bautista (Blanco Leschuk, 75. min).

0 - Burgos: Caro, Areso, Córdoba (Valcarce, 70. min), Goldar, Fran Garcia, Navarro (Mumo, 58. min), Elgezabal, Atienza, Curro (Castel, 70. min), Artola (Bermejo, 58. min (Hernandez, 86. min) eta Gaspar.

Gola: 1-0, 34. min. Bautista.

Epailea: Ivan Caparros. Txartel horiak atera dizkie Matheus (15. min), Navarro (54. min), Nolaskoain (74.min) eta Gaspar (94. min) jokalariei.