Eibar
SmartBank Liga
Eibarrek Malagari irabazita (0-1) esan dio agur bolada txarrari
EITB Media
Talde armaginak hiru puntuak poltsikoratu ditu Rosaledan Quique Gonzalezek 21. minutuan sartu duen golari esker.
-
Eibar taldeko jokalariak Quique Gonzalezen gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek irabazi egin du Malagaren aurka (0-1) igande honetan (urriak 30) Rosaledan jokatu duen SmartBank Ligako 13. jardunaldiko partida. Talde armaginak bi jardunaldi jarraian zeramatzan garaipena lortu gabe eta sailkapenaren goialdean da 22 punturekin.
Malaga - Eibar partidako laburpena eta gola
Erritmo bizia jarri diote jokoari bi taldeek, baina asko kosta zaie abagune argiak sortzea. Lehen minutuan, Javi Muñoz Eibar taldeko jokalariak egin duen jaurtiketa gelditu egin du Reina Malaga taldeko atezainak. Etxekoen erantzuna seigarren minutuan iritsi da, langa gainetik kanpora joan den Villalbaren erremate baten bidez. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi, baina armaginek gola sartu dute 0-1ekoa eskuratuta; Quique Gonzalez izan da golegilea.
Gipuzkoako taldeak abantaila handitzeko abagune paregabea izan du 25. minutuan, baina Stoichkovek kale egin du aurkariaren ate aurrean. Hiru minutu beranduago, Malaga neurketa berdintzetik gertu egon da; Herviasek area kanpotik egin duen jaurtiketa, ordea, Luca Zidane atezainak desbideratu du.
Lehen zatiko azken txanpan, Malaga egin da baloiaren jabe, Eibar sendo egon da defentsako lanean, eta armaginak gol bateko abantailarekin iritsi dira atsedenaldira.
Erasokor zelairatu dira Malaga eta Eibar bigarren zatian, abagune argiak sortu gabe. Estrategia jokaldien eta erdiraketen bidez saiatu dira aurkariaren atea zulatzen, baina errematean ez dira fin ibili.
Azken minutuetan, Malagak erasora jo du berdinketaren bila, armaginek sufritu egin behar izan dute, baina defentsako lan bikaina eginda emaitzari eutsi, eta hiru puntuak bereganatu dituzte.
Fitxa teknikoa:
0 - Malaga: Manolo Reina; Juanfran Moreno, Esteban Burgos, Escassi, Javi Jimenez; Hervias (Fran Sol, 57. min), Ndiaye (Issa Fomba, 74. min), Ramon Enriquez (Jozabed, 74. min), Alex Gallar (Cristian, 46. min); Fran Villalba (Febas, 65. min) eta Ruben Castro.
1 - Eibar: Luca Zidane; Rober Correa, Nolaskoain (Aketxe, 77. min), Venancio, Imanol; Tejero, Sergio Alvarez, Javi Muñoz, Stoichkov (Blanco Leschuk, 46. min); Troncho (Corpas, 62. min) eta Quique (Vadillo, 89. min).
Gola: 0-1, 21. min: Quique.
Epailea: Cordero Vega. Txartel horia atera dio Esteban Burgos (70. min) Malagako jokalariari, baita Rober Correa (87. min) Eibarko futbolariari.