Itxi

Athletic Club

SANTANDER LIGA

Athleticek bana berdindu du Sevillan

A. B. R | EITB MEDIA

Valverdek zuzendutako taldeak partida ona egin du hasiera txarra izan arren. Oliver Torresek 3. minutuan lortu du Sevilla markagailuan aurreratzea eta Vesgak banakoa jarri du 72. minutuan. Ander Herrerak txartel gorria ikusi du luzapenean.

  • Ohian Sancet en un duelo

    Ohian Sancet en un duelo. Argazkia: EFE

Athleticek puntu bat atera du Ramon Sanchez Pizjuan futbol zelaitik. Hasiera txarra izan arren, zuri-gorriek partida ona egin dute. Oliver Torresek egin du lehenengoa  3. minutuan. Bigarren zatian Athleticek partida berdintzeko eta irabazteko abaguneak izan ditu. Berdinketaren gola Vesgak egin du 72. minutuan.

Sevilla - Athletic partidako laburpena (1-1)

Norgehiagoka ezin izan da okerrago hasi Athleticentzat. Sevillak eskuin hegaletik jositako jokaldi baten ostean, Montielek hondoko marratik erdiraketa egin, eta Oliver Torresek Unai Simon gainditu du area txikitik 3. minutuan (1-0). Sevillak guztiz gainditu du Valverdek zuzentzen duen taldea lehen 10 minututan intentsitate altua eta erritmo bizia baliatuz. Athleticek etxeko taldearen erasoaldietatik defendatzen igaro ditu lehen minutuak.

Etxeko taldearen erauntsiari eutsi ondoren, zuri-gorriak partida orekatzen hasi dira.  Athletic baloi jabetza luzeagoak izaten hasi eta baloiaren bitartez egonkortzen hasi da. Nico Williams arriskua sortzen hasi da eskuin hegaletik eta Athleticen presioa Sampaoliren taldearen jokoa eragozten hasi da.

Berenguerrek 23. minutuan egin du bizkaitarren lehen jaurtiketa; bere ezkerkada Marko Dimitrovicen geldiketa apartak bidali du kornerrera. Minutu gutxi batzuk igarota, Berenguerrek berak buruz burukoa izan du Dimitorvicekin, baina nafarrak ez du asmatu errematean. Sevillak hasierako minutu bizien ostean atzera egin eta ez du gehiegi sufritu atsedenaldira abantailarekin iristeko. Are gehiago, 37. minutuan markagailuan bigarrena jartzeko aukera izan dute andaluziarrek. Lekuek labur utzi du Unai Simoni eman beharreko pasea eta "Papu" Gomezen jaurtiketa Unai Simonek gelditu du.

Aldageletatik bueltan golaren bila atera da Athletic; erasokor iritsi da Sevillaren areara eta 4 jaurtiketa egin ditu 7 minutu eskasetan. Abagunerik argiena Muniainek izan du, baina bere burukada zutoina miazkatzen joan da kanpora 50. minutuan.

Valverdek zuzentzen duen taldeak ekinean jarraitu du; sarritan iritsi da azken metroetara baina azkeneko jaurtiketan ez zuen asmatzen.

Valverdek Vesga eta Herrera berdeguneratu ditu, baina eraginkortasun falta nabaria izan da. 59. minutuan Berenguerrek erdiraketa bikaina atera du eta Nico Williamsek banakoa jartzeko dena alde zuenean erremate ustela egin du.

Partida apurtzen hasi da bukaera hurbildu ahala. Athleticek gol beharraren aurrean, gero eta gizon gutxiago utzi ditu atzealdean eta Sevillak kontraeraso arriskutsuk izan ditu. Eraso hartu-eman horretan, Mikel Vesgak ezkerkada bikainarekin banakoa jartzea lortu du 72. minutuan. Ahleticen erdilariak aldaratze bat harrapatu du eta 30 bat metrotik egindako jaurtiketak berdinketaren gola suposatu du (1-1)

Zuri-gorriak hobeto iritsi dira azken minutuetara eta aukera garbiak izan dituzte hiru puntuak eskuratzeko. 80. mintuan Sevillaren arean egondako jokaldi nahasia baliatu du Munianek jaurtiketa egiteko, baina erdiratuta atera zaio saiakera Athleticeko kapitainari.

Ez da abagune bakarra izan, 87. minutuan, Iñaki Williamsek bakarrik egin du burukada area barrutik, baina gora joan zaio.

Partida bukatzear zegoenean, Iñigo Martinezek pase arriskutsu bat moztu du, baina aldaratzea Lamelari erori zaio. Argentinarra jaurtiketa egiteko prest zegoenean Herrerak falta egin dio area ertzean, Unai Simon jokalditik kanpo zegoela jakinik. Epaileak txartel gorria atera dio Athleticeko erdilariari baina bizkaitarrek puntua lortu dute, orotara 17 sailkapenean.

FITXA TEKNIKOA:

1 - Sevilla: Dmitrovic; Montiel, Nianzou (Carmona, 56.min), Marcao, Telles (Delaney, 70.min); Gudelj, Papu Gomez, Jordán (Acuña, 56.min); Isco (Lamela, 60.min), Oliver Torres; eta Dolberg (En-Nesyri, 60.min).

1 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Yeray, Iñigo Martínez, Lekue; Dani García (Vesga, 56.min), Sancet (Ander Herrera, 56.min), Muniain; Nico Williams (Morcillo, 88.min), Berenguer (Raul Garcia, 74.min) eta Iñaki Williams.

Golak: 1-0, 03.min: Oliver Torres. 1-1, 73.min: Vesga.

Epailea: Jesus Gil Manzano (Extremadura). Txartel gorriak: Ander Herrera (92.min). Txartel horiak: Isco (38.min), Telles (39.min), Carmona (58.min), Acuña (72.min) eta Sampaoli (85.min).