Itxi

Athletic Club

SANTANDER LIGA

Sancetek bideratu du Athleticen gol festa Cadizen aurka (4-1)

I. G. | EITB MEDIA

Nafarra izan da partidako protagonista nagusia, urteko lehen garaipena lortzeko hat-trick bat egin baitu. Beste gola Yerayk sartu du.

  • Oihan Sancet gol bat ospatzen

    Oihan Sancet gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Athleticek 4-1 irabazi du Cadizen aurka Santander Ligako 20. jardunaldiko partida. 'Lehoiak' izan dira baloiaren jaun eta jabe uneoro, Munduko Txapelketako itzulitik taldearen lehen garaipena lortzeko Ligan.

Athletic Club - Cadiz partidako laburpena

Athleticek bazekien partida honek zuen garrantzia. Valverderen mutilek hiru porrot jarraian zeramatzaten Ligan eta ez zituzten hiru puntu lortu Ligako etenalditik. Horregatik, bilbotarrek hamaikako erasokorra atera dute, Iñaki Williams gabe, lesioagatik. Raul Garciak ordezkatu du erdiko aurrelaria. Gainera, Muniainek eta Sancetek bikotea osatu dute zelai erdian Vesgarekin batera.

Lehoiek intentsitate handiz hasi dute norgehiagoka, eta horren isla izan da bosgarren minuturako Nicok izandako bi abaguneak gola sartzeko; lehenengoan ez da fin ibili eta bigarrenean ezkerrez egindako jaurtiketa gelditu egin du atezain cadiztarrak.

Athletic Cadiz baino gehiago hurbiltzen zen aurkariaren areara, honek nahiago baitzuen urruneko jaurtiketekin eta hegaletatik egindako erdiraketekin zortea probatzea, baina benetako arriskurik sortu gabe. Horrela, eraso horietako batean Sancetek sartu du etxekoen lehen gola. De Marcosek eskuinetik erdiratu du Berenguerrentzat, baina hau ez da baloira iritsi, eta atzelariaren aldaratzea Sanceten hanketan erori da. Honek jaurtiketa indartsua egin du bere taldea aurreratzeko (1-0).

Golak Athleticen erritmoa lasaitu du, eta jabetzari eustea izan du helburu nagusia. Cadizek arriskurik sortu gabe jarraitzen zuen, baina talde bizkaitarraren defentsako despiste batean aurkariaren gola iritsi da. Ocamposek pase luze bat jaso du kornerretik gertu, eta erraz egin dio ihes De Marcosi. Ondoren, Escalantek jaso du pasea eta markagailua berdindu du (1-1).

Taldea itzaltzen ari zenean, Sancet berriro agertu da hura suspertzeko. Cadizek huts egin du baloia bere areatik ateratzen saiatu denean, eta Raul Garciak jaso du aldaratzea. Botaren puntarekin nafarrari utzi dio baloia, honek bigarrena sartzeko (2-1).

Oraindik denbora izan dute markagailuan urruntzeko atsedenaldia baino lehen. Muniainek falta bat jaso du area inguruan, eta kapitainak berak erdiratutako baloi bat buruz errematatu du Yerayk Athleticen hirugarrena egiteko (3-1).

Lehenengo aukera bisitariek izan dute aldageletatik bueltan. Luis Hernandezek baloi bat harrapatu du area barruan etxeko atezaina probatzeko, baina Unai Simonek geldiketa ikusgarria egin du.

Gauzak zaildu egin zaizkio Athletici epaileak Yuri Berchiche kanporatu duenean. Ezker hegalekoak falta bat egin du area ertzean, eta epaile laguntzaileak txartel horia merezi zuela erabaki du, bigarrena jokalariarentzat, etxekoak bat gutxiagorekin utziz ordu erdi falta zenean.

Hala ere, taldeak bere jokoarekin jarraitu du eta 75. minutuan iritsi da Sancetek hainbeste bilatu duen 'hat-tick'a. Raul Garciak baloi luze bat atera du bere zelaitik, Nicok orraztu du, eta Sancet lasterketan iritsi da atera, azken gola sartzeko (4-1).

Horrela, Athleticek urteko lehen garaipena lortu du eta Ligako bolada txarra amaitu da.

Fitxa teknikoa

4 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Sancet (Guruzeta, 84. min); Nico Williams (Capa, 84. min), Muniain (Morcillo, 84. min), Berenguer (Lekue, 60. min); y Raul Garcia (Dani Garcia, 76. min).

1 - Cadiz: Ledesma; Iza Carcelen, Hernandez, Momo, Espino; Fali (Lozano, 60. min); Bongonda (Sobrino, 70. min), Alex Fernandez, Escalante, Ocampo (Chris Ramos, 70. min); y Roger (Sergi Guardiola, 70. min)

Golak: 1-0, 10. min: Sancet. 1-1, 25. min: Escalante. 2-1, 35. min: Sancet. 3-1, 44. min: Yeray. 4-1: Sancet.

Epailea: Valentin Pizarro Gomez. Yuri kanporatu du, 58. minutuan, bi txartel hori jasotzeagatik.