Eibar
GOL FESTA
Eibarrek 4-0 irabazi dio Granadari
AGENTZIAK | EITB MEDIA
70. minututik aurrera, Eibarrek 3 gol sartu ditu, eta lehen mailara igotzeko aurkari zuzenetako bat garaitu du.
-
Eibarreko jokalariak Jon Bautistaren gola ospatzen. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek hirugarren garaipena lortu du jarraian Ipuruan (4-0), eta 69. minutura arte eutsi dion Granadari gailendu zaio azken minutuetan.
Etxekoak lerroak nahiko aurreratuta hasi dira, eta lehen minutuetan, jokaldi azkarrak egiten saiatu dira Stoichkov golegilearen bila. Lehen aukera berarentzat izan da, baina defentsa andaluziarra azkar ibili da, eta etxekoen erasoa zapuztu du.
Granadak ondoen jokatzen ari zenean, korner jaurtiketa baten ondoren eta entseatutako jokaldi batean, 26. minutuan, Ager Aketxeren asistentzia ikusgarriak lehen gola ekarri dio Eibarri, baloia Matheusen oinetara neurtuta iritsi baia, eta honek egin duen jaurtiketa eskuadratik sartu da, gol ikusgarria eskuratuta.
Eibarrek nahi zuen tokian zuen partida, markagailua bere alde zuela lehen. Granadari korrontearen kontra arraun egitea tokatzen zitzaion, eta ez du gola sartzeko tarterik aurkitu.
Garitanok aldaketa egin du bigarren zatian, Jon Bautista sartu da Blanco Leschuken ordez. Granada indartsuago zelairatu da, bestela partidak ihes egin ziezaiokeela jakitun. Eibarrek bigarrena nahi izan du, eta Granadak ez du jakin aurkaria nola hozkatu.
Armaginak oso eroso zeuden egoerarekin, baina abantaila laburra zen. Partida ez zegoen erabakita, Granadak edozein jokaldi bakanetan berdintzeko aukera baitzuen. Aketxeren eta Tejeroren arteko jokaldi batean, madrildarrak maisuki jaurti du baloia zutoinera itsatsita bigarrena egiteko.
Granada nahastuta zegoen, eta hurrengo jokaldian, Stoichkovek baloia eskubiko zutoinera jaurti eta hirugarrena lortu du.
70. minutura arte ziurtatzerik izan ez zutena, bi minututan asmatu dute. Eibarren hiru gol, ederrak guztiak. Eibar gustura ari zen jokatzen. Granada erabat lur jota. Maldan behera zirela, Jon Bautistak laugarrena egin du 85. minutuan, area barruan egindako banakako jokaldi baten ondoren.
Fitxa teknikoa:
4 - Eibar: Yoel, Tejero, Berrocal, Arbilla (Chema, 87. min), Imanol, Matheus (Nolaskoain, 87. min), Corpas, Sergio Alvarez, Aketxe (Javi Muñoz, 72. min), Stoichkov (Quique Gonzalez, 72. min) eta Blanco Leschuk (Bautista, 46. min).
0 - Granada: Andre, Ricard, Miguel Rubio, Cabaco, Silva (Quini, 60. min), Bodiger, Petrovic, Antonio Puertas (Bryan Zaragoza, 72. min), Callejon, Uzuni (Alberto Perea, 72. min) eta Molina.
Epailea: Garcia Verdura. Eibarreko Blanco Leschuk eta Aketxe zigortu ditu. Kanpoko taldeko Uzuniri ere txartel horia erakutsi dio.
Golak: 1-0, 25. min: Matheus. 2-0, 69. min: Tejero. 3-0, 70. min: Stoichkov. 4-0, 85. min: Jon Bautista.