Ur Handitan
22:15ean
Kiloen zama, gaur gaueko 'Ur Handitan' saioan
A.H. | EITB
Xabier Madariagak gidatzen duen saioa elikadura desoreken inguruan arituko da.
Astearte honetan, Xabier Madariagak gidatzen duen 'Ur Handitan' saioak elikadura desorekak hartuko ditu hizpide, eta gaitz hauen biktima eta zuzeneko lekuko izan direnekin arituko da.
15 urterekin hasi zen amets gaiztoa Itxaro Mendizabal ordiziarrarentzat. Kilo batzuk jaitsi behar zituelakoan, anorexian erori zen, bete-betean. Desagertu besterik ez zuen nahi. Lehen ospitaleratzearen ostean, psikiatrak alta eman zion egunean bertan, gurasoak auto istripuz galdu zituen. Horren ostean, ahizpengandik urrundu, bere egungo senarra ezagutu eta aurrera egin zuen, eta bi alaba izan ditu. 20 urtez jasan du anorexia, eta duela 5 urte sendatu dela dio. Amets gaizto honetan egingo du bidaia Xabier Madariagak Itxarorekin eta bere gertukoekin, eta urte askoren ostean, ahizpek sendatu gabeko zauriak itxiko dituzte.
Iskandar Hamawy, ordea, ez da sendatu. 45 urte ditu eta duela 30 urte sartu zen zurrunbilo honetan. Behin baino gehiagotan egin du sendatzeko ahalegina. Kirola da bere helduleku nagusia, baina janariarekin bezala, hau ere eguneroko obsesio bilakatu zaio.
Elikadura jokabide nahasteak (anorexia, bulimia edota ingesta konpultsiboa) dituztenek metodo ezberdinekin egin ohi diote aurre gaixotasunari. Horien artean, talde terapiak daude. Horietako batean izango da saioa, eta otordu bati eta haien beldurrei aurre nola egiten dieten ikusiko dute.
Elikadura trastornoen artean, ordea, gehiegizko pisua dutenak ere badira, eta Xabier Madariagak haien egunerokoa ezagutuko du.
Iraia Santa Kruz neska gaztearen kasua da horietako bat. 21 urterekin, 130 kilo pisatzen zituen, eta operatu egin zen. Gaur egun, 54 kilo inguruko pisua du, eta erabat zoriontsu da. Bizitza aldatu zaiola eta iraganean zituen oztopo eta zailtasunak gainditu dituela dio.
Naiara Lopez hernaniarrak, berriz, 24 urte ditu, eta hamaika dietarekin egin du argaltzeko saiakera. Une honetan duen elikadura planarekin, bere helburuak lortzen ari da. Kilo dezente jaitsi ditu azken hilabeteotan, baina oraindik ere gehiegizko pisua du. Estereotipoetatik urrunduta bizitzeak bere nerabezaroan eta gaztaroan zer-nolako eragina izan duen azalduko dio Xabierri.
Amaitzeko, Angel Padierna Galdakaoko Ospitaleko psikiatrak 25 urte daramatza elikadura arazoak dituzten gaixoak tratatzen. Bere ahotik entzungo dugu zein den gaixotasun hauek izan duten garapena, horien jatorria eta egungo egoera.
'Ur Handitan' gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
.