sautrela
ETB1en
Ismael Manterola gonbidatu, 15:00etan, 'Sautrela' saioan
A.E.|EiTB
Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean argitaratu berri duen liburuaz arituko da.
Ismael Manterola hartuko dute gaur 'Sautrela' saioan. Ez da sobera idazten euskaraz artearen inguruan, eta horregatik, aski pozgarria da Ismael Manterolak argitaratu berri duen Maite ditut maite. Transmisioa XX. mendeko Euskal Herriko artean bezalako liburuekin topo egitea. Edo! Argitaletxearen eskutik plazaratu du liburua, eta ziur aski bere esparruan erreferentziala bilakatuko da, arte aditu zein artezale hasiberrientzako gustagarri. XIX. mende amaieratik gaur egunerainoko euskal artea aztertu du, sakon eta xeheki, ibilbide horretan transmititu diren balio eta gaiak azaleratuz. Horrekin batera, baina, bazterrean geratu direnak kritikoki aztertu ditu halaber. Ismael Manterola EHUko Artearen Historiako irakaslea dugu eta lehenengo aldiz izango da 'Sautrela'n.
Erreportajean memoria izango dute hizpide, memoria kolektiboa alegia. Bolo-bolo entzuten dugu azken boladan memoriaren inguruan, eta hura literaturan nola islatu den ikusiko dugu. Adituen arabera, XXI. mendearen hastapenetan literaturan 'memoriaren booma' gertatu zen, eta hura zertan datzan ez ezik, euskal literaturan ze eragin izan duen azalduko dute Izaro Arroita eta Amaia Serrano ikerlariek.
Saioaren bukaera aldera Asun Agiriano etorriko da, kasu honetan haur literaturako pieza preziatu batekin. Txalaparta argitaletxearen eskutik irakur dezakegu Baionako alarguna, mundu mailan arrakasta lortu ostean euskaraz ere irakur dezakeguna orain. Liburuaren nondik norakoez ariko da Agiriano. Amaitzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango dira, baita ere.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, eitb.eus-en eta ETB1en.
TB1en.