Itxi

telebista

Pello Sarasola saria

'El Lector de Huesos' saioak jaso du Pello Sarasola Saria

Telebista kate autonomikoek iaz sortu zuten Pello Sarasola sariarekin, 2016 urteko saiorik onena nabarmentzeko. ETB2ko 'El Lector de Huesos' izan da aurtengo saritua.

1:22

ETB2ko 'El Lector de Huesos' ek 2016ko telebista autonomikoetako saio onenaren Pello Sarasola saria jaso zuen atzo Gijonen. FORTAk (Irrati eta Telebista Erakunde Autonomikoen Federazioa) sortutako sariaren epaimahaia erakundearen barruan dauden telebista kateetako eduki arduradunek osatu dute. Dani Alvarez kazetariak gidatutako saioak gure gizarteko hilketa entzutetsuenak ditu aztergai, Paco Etxeberria forense ospetsuaren laguntzarekin.

Antonio Virgil Asturiasko Irrati eta Telebistako zuzendari nagusiak eman zion saria Joselu Blanco ETBko Programazio zuzendariari.

Halaber, Pello Sarasola sariaren bigarren ediziorako gainontzeko hautagaiak honako  hauek izan dira: 'Merlí' (CC.MM, S.A.), 'El Pueblo más Bonito de Castilla-La Mancha' (CMM), 'De Romandela' (RTPA), 'Grupo 2 Homicidios' (Aragon TV), 'Desconeguts' (IB3), 'Land Rober Tonai Show' (CRTVG) eta 'Yo soy del Sur' (CSRTV).

'El Lector de Huesos'

K2000 ekoiztetxeak asmatutako telebista formatua da, guztiz berritzailea. Bertan, Paco Etxeberria antropologo eta auzitegiko medikuak eta Dani Alvarez kazetariak azken urteetan gertatu diren krimen gogorrenak ikertzen dituzte. Saioaren bi zuzendariak Igor Zabala eta Teresa Diaz de Basurto dira.

Programa honek, auzitegi zientzia oinarri hartuta, gizartean zirrara sortu duten hilketak aztertzen ditu. Paco Etxeberria irakasleak auzitegi teknika guztiak erakusten dizkio Dani Alvarezi, hezurrek ematen duten informaziotik abiatuta

Besteak beste, Breton auzia, Asunta Basterraren kasua, Lasa eta Zabalaren kasua,  Amaia Azkuerena eta  Aintzane Garayren kasua jorratu zituen lehen denboraldian. Bigarren denboraldia estreinatzear dago eta atal sorta honetan Alcasserren hildako hiru neskatilei buruz arituko dira, besteak beste. Hain zuzen ere, saio hori grabatzen ari zirenean Alcasserren hildako hiru neskatiletako baten  gorpuzkina bilatu zuten.

Pello Sarasola saria

Pello Sarasola sarien helburua, autonomia erkidegoetako telebistetan ekoizten diren genero eta formatu ezberdinetako saioak nabarmentzea da: lehiaketak, dokureality-ak, musikalak, telesailak... Programek FORTAko telebisten berezko izaera bultzatu behar izaten dute, hots, gertutasuna, identitate autonomikoa eta bere lurralde eremuan duen eraginkortasun edo oihartzuna.

Sariaren bidez, 2015ean hil zen Pello Sarasola zena oroitarazi nahi dute telebista autonomikoek. Telebista alorreko profesional handia izan zen Sarasola, eta FORTAko telebista kateen arteko elkarlanaren bultzatzaileetako bat. EiTBko Programa sailean aritu zen 1989tik ardura postu ezberdinetan. 2005ean Antena 3 telebista katean hasi zen lanean, Antena zuzendari, 2011ra arte. Urte horretan hartu zuen ETBren Eduki zuzendari kargua, eta bi urte geroago, 2013an, ETBren zuzendari izendatu zuten.

izendatu zuten.