telebista
'Zinez' saioan, 22:15ean
'Hondoratzea' pelikula, gaur gauean, ETB1en
eitb.eus
Erredakzioa
Solo Touré Ginea Bissauko etorkina da filmeko protagonista, eta, besteak beste, Ramon Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza euskal aktoreek hartu dute parte bertan.
Euskal Telebistaren lehen kateak Hondoratzea filma eskainiko du gaur gauean, 'Zinez' saioaren baitan. Pedro Aguilera Donostiako zinemagilearen bigarren lana da Hondoratzea pelikula, La influencia bere lehen film luzearen ondoren. Zinema munduan zuzendari laguntzaile hasi zen donostiarra, A ciegas lanean, Daniel Calparso zuzendariarekin, eta Intacto pelikulan, Juan Carlos Fresnadillorekin, hain zuzen.
Robinson izeneko Afrikako gizonezko baten istorioa kontatzen du Hondoratzea filmak. Patera hondoratu onstean Almeriako kostaldera iritsi berritan, Almeriatik penintsularen iparraldera egingo du Robinsonek bidaia, ezagutzen ez duen gizonezko bat hil eta horrela bere arbasoen espirituak baretzeko asmoz.
Solo Touré Ginea Bissauko etorkina da pelikulako protagonista, eraikuntzan lan egiten zuen 25 urteko gizonezkoa. Ramón Barea, Kandido Uranga eta Iñake Irastorza euskal aktoreek ere hartu zuten parte ekoizpenean. Filmaketa bukatuta, bere jaioterrira itzuli zen Solo Touré gaztea.
Hondoratzea filma gaur eskainiko du ETB1ek, 22:15 aldera, 'Zinez' saioaren baitan.