Itxi

telebista

Asmo berria

Ekintzaileei zuzendutako dokureality lehiaketa, ETB2n

A.E.

EiTB

Euskal Telebistak, K2000k, Eusko Jaurlaritzak eta Laboral Kutxako Gaztenpresa Fundazioak bultzatutako saioa eskainiko da udazkenean.

1:29

EiTBk, K2000k, Eusko Jaurlaritzak eta Laboral Kutxak udazkenean ETB2n emango den dokureality lehiaketaren asmoa aurkeztu diete euskal ekintzaile talde zabal bati ostegun honetan.

Aurkezpenaren asmoa, enpresa ekintzaileak saio horretan parte hartzera animatzea da. Euskal Telebistak, K2000 ekoiztetxeak, Eusko Jaurlaritzak eta Laboral Kutxako Gaztenpresa Fundazioak sustatu dute saioa.

Ekitaldian, honako hauek parte hartu dute: Aitor Urzelai, Eusko Jaurlaritzako Ekintzailetzaren, Berrikuntzaren eta Informazio Gizartearen zuzendaria; Maite Iturbe, EiTBren zuzendari nagusia; Edurne Ormazabal, ETBren Arlo Komertzialeko zuzendaria; Maria Jesus Etxaniz, Laboral Kutxako Komunikazio arduraduna, eta Arri Granados, K2000ko Eduki arduraduna.

Aurkezpena Eusko Jaurlaritzaren ekintzailetza programetan eta Gaztenpresa Fundazioan parte hartzen duten proiektu eta enpresei zuzenduta dago.

Saioaren formatua

Udazkenean, ETB2n, abiatuko den saioaren protagonista euskal ekintzaile talde bat izango da. Euren helburua eskuartean duten enpresa bideragarri bihurtzea izango da.

'Doku-reality lehiaketa' tankera duen saioak, historia pertsonalen bidez, edozein ideia ogibide bilakatu daitekeela erakutsi nahi du. Funtsean, ekintzaile berri hauen esperientziak islatzea da helburu nagusia; lanpostuak sortzeko dirua lortu nahi duten enpresari berri hauen esperientziak islatzea, hain zuzen ere.

Hiru adituk aholkuak emango dizkiete parte hartzaileei euren proiektuak hobetzeko, bederatzi asteetan zehar. Epai-mahai batek irabazlea aukeratuko du, eta sariak proiektua bultzatzeko balioko du.

Bederatzi aste horietan, aditu edo coacher horiek eta aurkezlea bete-betean sartuko dira lehiakideen proiektuetan. Saioak lehiakideon eta bere alboan daudenen historiak jaso eta erakutsiko ditu. Horrez gainera, euren asmoak aurrera ateratzeko dituzten borrokak erakutsiko ditu; euren lorpenekin izango duten poza partekatuko du eta porrotak ere bizi eta gertu sentituko ditu, protagonisten bizipenak hurbil-hurbiletik biziko baitituzte.

Halaber, atal bakoitzean proba bereziak gainditu beharko dituzte lehiakideek. Proiektuen bideragarritasuna erakutsi beharko dute eta ekintzaile izaera dutela ere agerian utzi.

Programan parte hartuko duten lehiakide eta proiektuak erabakitzeko aukeraketa egingo da. Proiektu bakoitzak garapen maila ezberdina izango du: batzuk paperean idatzitako ideia hutsak izan daitezke, esate baterako, eta beste batzuei, aldiz, finantziazioa lortzea falta dakieke soil-soilik.

Aholkulariek, proiektuaren bideragarritasuna eta egoera zorrotz aztertuko dute, eta proiektu horrek dituen indar guneak eta alderdirik ahulenak azpimarratuko dituzte. Azterketa hauen arabera, astero, hobetzeko ekintza bat proposatuko zaie lehiakideei. Erronka hauek egiteko, ekintzantzailetzarekin zerikusia duten arlo ezberdinetako lagunekin jarriko dira harremanetan: enpresariekin, enpresa munduko adituekin eta ekintzaile izaera erakutsi duen jende ezagunarekin, besteak beste.

Asteroko lana, saioaren amaieran, puntuaketa bidez neurtuko dute aholkulariek. Eurek egingo dute ekintzaile zerrenda parte hartzen duten taldeen artean.

Bederatzi saio izango dira guztira, eta azken atala final handia izango da. Bertan bi talde finalistek neurtu beharko dituzte indarrak eta bakarra izango da irabazlea. Aholkulariez gainera, epai-mahai berezi batek erabakiko du irabazlea. Epai-mahaian enpresa munduarekin zerikusia duten gizarte taldeetako ordezkariak, prestakuntza arloko adituak eta kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteetako kideak egongo dira.

Proiektuak enpresa bideragarri izateko duen aukeraz gainera, beste alderdi batzuk ere neurtuko dituzte: hautagaien bilakaera, eragin soziala, orijinaltasuna etab. Sari garrantzitsuena, funtsean, prestakuntza eta lehiakideek saioan parte hartzean lortuko dituzten kontaktuak izango dira.

dira.