Itxi

kultura

Saria

Vianako Printzea Kulturaren Saria, Alfredo Sanzol antzerkigilearentzat

N. V. | EITB Media

Talentu Artistikoaren Sustapena saria, 30 urtetik beherakoei zuzendua, bestalde, Celia Carrasco poetak jasoko du.

0:24
Alfredo Sanzol

Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluak Alfredo Sanzol proposatu du 2024ko Vianako Printzea Kulturaren Sarirako, "dramaturgia garaikidearen erreferente eztabaidaezina" baita beraientzat. Horrez gain, Talentu Artistikoaren Sustapena saria, 30 urtetik beherakoei zuzentzen zaiena, Celia Carrasco poetarentzat izan dela jakinarazi du; bosgarren edizioa du talentu berrientzako sari honek. 

Sariak 20.000 euroko diru ekarpena du, eta Alfredo Sanzolek ekainaren 29an jasoko du, Fiteron; Celia Carrascok Talentu Artistikoaren Sustapena saria jasotzeko eguna, berriz, ez dute zehaztu, eta ekainean izango dela baino ez dute aurreratu.

35. edizio honetan ere, "Nafarroarekin lotura berezia duten pertsona edo elkarte nabarmenek egindako lana aintzat hartu" nahi du sariak, "lan hori kulturaren edozein arlotakoa dela ere, sorkuntzari, ikasketari, ikerketari zein sustapenari emana".

Zuzenbidean lizentziatua da Sanzol, Nafarroako Unibertsitatean, eta Eszena Zuzendaritzako ikasketak ere bukatu zituen Arte Dramatikoko Goi Errege Eskolan, Madrilen. Hainbat antzezlan idatzi eta zuzendu ditu, hala nola "Risas y destrucción", "Sí, pero no lo soy", "Días estupendos", "Delicadas", "En la luna", "Aventura!", "La calma mágica", "La respiración", "La ternura" y "La valentía".

Antzerki zuzendari gisa, beste klasiko batzuen artean, hauek egokitu eta zuzendu ditu: , "Como los griegos", "La importancia de llamarse Ernesto", "Esperando a Godot", "Macbeth", "Luces de bohemia", eta, oraintsu, "La casa de Bernarda Alba", gaur bertan Iruñera iritsiko dena.

Talentu Artistikoaren Sustapena Sariaren bosgarren edizioaren irabazlea Celia Carrasco poeta (Tutera, 2000) da. Poema liburu hauek argitaratu ditu gaur arte: "Entre temporal y frente" (Olifante, 2020), "Selvación" (Torremozas, 2021), "Limos del cielo. Poesía 2016-2022" (Ediciones del 4 de agosto, 2022) eta "Rupestre" (Olifante, 2023).