kultura
Irunen
Gordailua abian, Gipuzkoako ondare higigarria artikulatzeko proiektua
Erredakzioa
Zentroak 8.450 metro karratu erabilgarri ditu, ondare higigarria berreskuratzeko, zaharberritzeko, bildu eta zabaltzeko.
Markel Olano Gipuzkoako jarduneko diputatu nagusiak inauguratu du Gordailua Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren&' || 'nbsp; Zentroa, Irunen. Guztira, eraikinerako eta ekipamenduetarako, 16&' || 'nbsp; milioi euroko inbertsioa egin da.
Gordailua "proiektu estrategikoa" da Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta bere helburua da, orain arteko politikak gainditzen dituen ikuspegi berritzaile batetik, Gipuzkoako ondare higigarriaren arloa ordenatu eta artikulatzea. Zentroak 8.450 metro karratu erabilgarri ditu (9.116 dira eraikitakoak), ondare higigarria berreskuratzeko, zaharberritzeko, bildu eta zabaltzeko. Kanpoaldetik ikusita, Jose Leon Lasarte eta Pedro Astigarraga arkitektoen lana eraikuntzari originaltasuna eta izaera berezia ematen dion altzairuzko kaiola da.
Zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiaren piezen bilduma garrantzitsua gordeko du (funts eta bilduma historikoak, zein Arte Ederretakoak eta etnografikoak), bai eta Donostiako Udalarenak (San Telmo Museoko funtsak) eta, lankidetza-hitzarmenak sinatuz, titularrek (adibidez, Kutxa) uzten dituzten bildumak ere. Guztira, material arkeologikoa kontuan hartu gabe, era eta tamaina guztietako 55.000 pieza baino gehiago kokatuko dira Gordailuan.
Irungo Arretxegainan dagoen zentroan, gordailu handia izateaz gain, zerbitzu globalak ere eskainiko dira, elkarte ezberdin eta erakunde publiko eta pribatuekiko lankidetza arintasun, koordinazio eta eraginkortasunez bultzatu eta sustatu dezan. Zentroaren diseinu eta eredu operatiboa garatzeko beharra aurreikusten da Gipuzkoako Museo Planak jasotzen duen moduan, Sistemaren Baliabide Zentro gisa garatzeko.
Zentzu horretan, Gordailua baliabide zentro bat izatean oinarrituko du bere jarduera, biltegi, behatoki, ikerketa gune, eta zerbitzuak eskainiko dituena bai fisikoki zein birtualki Gipuzkoako museo, interpretazio zentroei eta ondore guneei eta hauen bidez gizarteari orokorrean.
Zentroak bi lan esparru nagusi izango dituela. Bildumen arloan, Gordailuan gordetako Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzako edo zaintzapeko bildumak gorde, kontserbatu, zaharberritu eta dokumentatzeaz arduratuko da. Gainera, bildumak handitzeko programak garatuko dira.
Sareko Koordinazioaren arloaren helburu nagusia da lurraldean eratzen diren sareei laguntzea eta, oro har, foru erakundeak lurraldean garatu nahi duen orientatzaile- eta izendapen-eginkizuna bideratzea. Beraz, Gipuzkoako Museoak antolatzeko Planean jasotako ildoak martxan jartzea da asmoa, hots, museoen kudeaketari buruzko aholkularitza; ondare-sektoreko profesionalei prestakuntza ematea; arloko azterlanak landu eta sistematikoki hedatzea; sare birtualak zein sare fisikoak koordinatzea eta dinamizatzea.