kultura
Dantza garaikidea
Eva Guerrero: 'Dantza garaikidearen eskaintza oparoa dago'
Natxo Velez | eitb.eus
Dantzari eta koreografoak lau lan eszenikoren sormen prozesua bildu du, liburu batean. Lana publikatzeko finantzazio bila ari da orain, eta "crowdfundingera" jo du horretarako.
Eva Guerrero (Bilbo, 1982) sortzaile eszeniko, koreografo eta dantzaria bere azken proiektua diruz hornitzeko lasterketa betean ari da: “Destrucción Mutua Asegurada” argitaratu nahi du Guerrerok, lau dantza lanen sormen prozesua erakusten duen liburua.
Bilduman, Guerrerok, bere testuak ez ezik, dantza garaikideko lan baten atzean dagoen guztia ere erakusten du, lau urteko lanaren “hondarrak” edo zeharkako materialak: lan diagramak, iradokizunak, gogoetak, zirriborroak…
120 orriko liburua kaleratu nahi du egileak, Happy Endingek diseinatu eta Belleza Infinitak banatutakoa, eta, horretarako, finantzazio publikorako kanpaina abiatu du.
Ondorengo elkarrizketan, Guerrerok lanaren ezaugarriak azaldu dizkigu.
Destruccion Mutua Asegurada-n “deuseztapenari” begiratu diozu sortzeko? Zelan azaltzen da deuseztapenaren eta sormenaren arteko talka? Zelan piztu du sormena suntsipenak?
Egia esan, liburuak “suntsipen sormen-prozesuaz” dihardu. Lau urtez aritu nintzen horretan lanean, lau dantza lan sortzeko.
Suntsipena izan zen ikergaia, denaren sorburua. Suntsipenaren ideia harreman bati aplikatu nion, eta, hortik abiatuta, erresistentzia, nekea, indarrak eta talka hartu nituen hizpide edo, hobeto esanda, mugimenduen bultzatzaile. Material koreografiko eta narratiboari ideia hori aplikatu nion.
Sormenaren ikuspegitik, suntsipenaren ideiak material asko eman dit; beraz, lau urtez aritu naiz ideia beraren inguruan jira-biraka. Suntsipenari esker asko sortu dudala esan dezakegu. Lanabes andana bat eman dit, eta, koreografiari dagokionez, material pilo bat ere, gorputzari aplikatzeko.
Lau dantza lanen sormena dokumentatu duzu Destrucción Mutua Asegurada-n. Zelako izaten da sortze prozesua? Zer bide garatzen da ideia pizten denetik agertokira heltzen den arte?
Ohikoena lan eszenikoaren prozesua koaderno batean jasotzea izaten da; nik hala egiten dut, behintzat. Hor, dena apuntatzen dut, ideia txikienetik hasi eta testuetaraino: koreografia bat, barrenak astintzen dizkidan kantu bat... Dena.
Ideia daukazunean eta dantza garaikideko ikuskizun bat bilakatzera hel zaitezkeela zeureganatzen duzunean, erabakiak hartzen hasten zara: zenbat dantzari? Zuzeneko musika jarriko diot edo ez? Zer lantalde behar dut?... Eta kontu praktiko asko ere ebatzi behar izaten dira, hala nola entseguetarako leku eta datak, finantzazioa, proiektua idatzi…
Nire kasuan, entseguak egiten hasten naizenean, askotan jotzen dut inprobisaziora materialak lortzeko, eta gero asmakuntza horiei koreografia jakin bat ezartzen diet edo inprobisatzeko mugak jartzen dizkiet interpretatzaileei, eszenaren arabera. Horiek eta lan kontzeptualak, mahai gainean egiten dena, eszenak osatzen doaz.
Gero, ia dena antolatuta dagoenean, entsegu orokorrak egiten dira: argiak probatu, musika… Promoziorako materiala osatzen hasten zara: argazkiak, bideoak, esku orriak… Entsegu teknikoak ere egiten dira… Esan dezagun, dena ondo atera dadin, erabakiak etengabe hartu behar direla, baita denbora kudeatzen jakin eta, pieza guztiak ondo uztar daitezen, pertsona bakoitzaren alderdirik onena atera.
Lan honetan, sormen lan baten “hondarrak” batu dituzu. Zergatik erakutsi nahi izan duzu ezkutuan gelditu ohi den hori?
Publikoak beti ikusten du azken emaitza, baina beste gauza asko (materialak, testuak…), bestalde hori, sarritan oso interesgarria izaten dira eta azken emaitza hobeto ulertzen laguntzen dute. Hastapenetako ideiara gerturatzen zaitu, beste modu batera, eta lana gizatiarrago bilakatzen du, eskuz eginiko produktuen kutsu hori ematen dio.
Liburu honi dagokionez, oharrak edo koreografia bat gogoratzeko moduak ere ikusgai geldituko dira, baita interpretatzaile batek agertokian esandako testuak hasieratik izan duen bilakaera ere. Prozesuaren alde pertsonalena da, denda baten biltegian kuxkuxean aritzearen antzeko zerbait jartzen du irakurlearen eskura.
Zergatik betikotu nahi izan duzu dantza lan baten sormen lana?
Ez dut obra betikotu nahi izan; ezpada, prozesu osoa erakutsi nahi izan dut: lanerako koaderno hauek guztiak. Lehen esan dizudana da: “dendaren” atzealdea erakutsi, koreografia batera heltzeko bidea, ideia batetik ikuskizun batera doan bidaia… eta duda-mudak zelan sortzen diren, proba guztiak, zirriborroak, akatsak… Dantzaren mintzaira apur bat hobetzen lagun dezake horrek guztiak, batzuetan dezifratzen zaila izaten baita.
Crowdfundingera jo duzu liburua argitaratzeko? Horrelako lan bat kaleratzeko modu bakarra zen?
Ez da bide bakarra, beste bide bat baizik.
Nire ustez, bi arrazoi daude gero eta jende gehiagok crowdfunding kanpainetara jotzeko: batetik, kultur proiektuak aurrera ateratzeko gero eta babes instituzional eta pribatu gutxiago daude eta, bestetik, gure pentsaera aldatzen ari da eta, ondorioz, denok jartzen diegu arreta handiagoa komunitateei eta giza laguntzari, guztion ongizateari.
Batuta urrunagoa goazela da kontua. Elkarri lagunduz gero proiektuak gauza egin daitezkeen ideia, truke-ekonomiaren filosofia, gero eta barneratuago dugu. Gainera, proiektuak denonak direla erakusteko, egitasmoen mezenas bihurtzeko, modua ere bada: materiala edo dirua behar duen zerbait gauzatzeko ematen den konfiantza itsu hori oso-oso polita da, nire aburuz, eta itxaropena pizten du.
Zelan doa finantzazio kanpaina?
Goraka doa; hasi besterik ez gara egin. Hainbat diru kopuru eskatzen ditugu, eta, bakoitzaren truke, zerbait eskaintzen dugu.
Egia esan, ez dut planteatu zer gertatuko den gutxiengora heltzen ez bagara. Jendearen babesean uste osoa dut, eta espero ditugun emaitzak lortuko ditugulakoan nago.
Badago dantza garaikideko euskal eszenarik? Badago eskaintza eta publiko nahikorik?
Euskal Herrian badago dantza garaikideko eszena bat, noski. Jende asko ari gara honetan, eta horietako asko zenbait elkartetan batuta gaude; izan ere, ADDE Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea eta beste talde batzuk daude.
Eskaintza egon badago, eta oso ugaria da; denok ez dugu gauza bera egiten, eta horretan datza interesa eta erakargarritasuna. Denetarik dago: ikuskizun klasikoagoak edo arrisku handiagoa hartzen duten egileen proposamenak, perfomance kutsu handiagoa dutenak edo, nireak bezala, antzerki ukitu nabarmena dutenak, baita teknologikoagoak, inprobisazioa…
Eta publikoa ere badago, hainbat faktore kontra ditugun arren: zerga igoera hor dago, adibidez, baina kulturan murrizketak egin eta egiteko aitzakia ere bai, edo prentsan, telebistan eta hedabideetan dugun ikusgarritasun urria. Denon artean (erakundeak, hedabideak, programatzaileak, artistak berak), kultura kontsumitzeko beharrizana sortu behar dugu.
Baduzu beste proiekturik esku artean? Zein?
Oraintxe, proiektu eszeniko berri batean hasi naiz; beldurra eta mugak hartu ditut abiapuntu, eta, dantza ez ezik, bideo-instalazioa ere jorratuko du.
Martxoaren 20an, work in progress bat erakutsiko dut Gasteizen, Baratza Aretoan, eta urte amaieran estreinaldia egin nahi dut.